Uxue Alberdi · Aulki-jokoa / Uxue Alberdi / Elkar, 2009 Betiereko joko bat Saioa Ruiz / Argia,...

24
1 Uxue Alberdi Uxue Alberdi Estibaritz (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984ko martxoaren 18) euskal idazle eta bertsolaria da, kazetaritzan lizentziatua. Barren astekarian egin du lan eta Euskadi Irratiko Arratsaldekoa saioko literatur sailean kolaboratzaile eta Deja vu saioan tertuliakide izan da. Horrez gain, Berria egunkarirako ere idatzi izan du. 2006an Xenpelar Saria irabazi zuen. 2008an, bertsolari gazteen Osinalde Saria. 2012an Paul Gallico-ren "Elur-antzara" grabatu zuen. Idazlanak Narrazioa Aulki bat elurretan (2007, Elkar). Igartza Sariaren irabazlea. Aulki jokoa (2009, Elkar). Euli-giro (2013, Susa). Haur eta gazte literatura Txikitzen zaretenean (2013, Pamiela). Kanpo loturak (Euskaraz) Uxue Alberdi literaturaren zubitegian (Euskaraz) Uxue Alberdi Bertsozale Elkartearen webgunean (Euskaraz) Uxue Alberdi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan (Euskaraz) Elkarrizketa Argian

Transcript of Uxue Alberdi · Aulki-jokoa / Uxue Alberdi / Elkar, 2009 Betiereko joko bat Saioa Ruiz / Argia,...

  1  

   

Uxue Alberdi

 Uxue Alberdi Estibaritz (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984ko martxoaren 18) euskal idazle eta bertsolaria da, kazetaritzan lizentziatua. Barren astekarian egin du lan eta Euskadi Irratiko Arratsaldekoa saioko literatur sailean kolaboratzaile eta Deja vu saioan tertuliakide izan da. Horrez gain, Berria egunkarirako ere idatzi izan du. 2006an Xenpelar Saria irabazi zuen. 2008an, bertsolari gazteen Osinalde Saria. 2012an Paul Gallico-ren "Elur-antzara" grabatu zuen.

Idazlanak Narrazioa

• Aulki bat elurretan (2007, Elkar). Igartza Sariaren irabazlea. • Aulki jokoa (2009, Elkar). • Euli-giro (2013, Susa). • Haur eta gazte literatura

• Txikitzen zaretenean (2013, Pamiela). • Kanpo loturak

• (Euskaraz) Uxue Alberdi literaturaren zubitegian • (Euskaraz) Uxue Alberdi Bertsozale Elkartearen webgunean • (Euskaraz) Uxue Alberdi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan • (Euskaraz) Elkarrizketa Argian          

  2  

 Idazle gazteentzako VIII. Igartza Saria irabazi zuen Uxue Alberdik ipuin-bilduma baten proiektuarekin, eta, lan horretan urtebetez jardun eta gero, liburu amaitua plazaratzen du orain: Aulki bat elurretan, Suedian giroturiko istorio gazi-gozoz osatua. Kale txukunak, jende ordenatua, laku ederrak, elurrezko panpinak... Eta eskale zarpailak, alkoholiko errukarriak, maitasun anemikoak, harreman izoztuak. Horra hor Suedia, Suediaren zati batzuk behintzat, Uxue Alberdik hautatuak eta moldatuak, ipuin liburu bat egiteko. Kanpoko paisaiaren gainetik barne paisaia nagusitzen da ordea: ez zaigu esaten elurra ari ote duen espaloien gainean, ez zaigu axola ere, baina bai elurra ari duela bihotz barneetan, maluten dotorezia guztiarekin, baita zuritasun horren hustasun lazgarriarekin ere. Alde horretatik, suediarrez ez baizik nonahiko gizon-emakumeez ari da egilea, idazkera eder, airos eta iradokitzaile batez.

Aulki bat elurretan / Uxue Alberdi / Elkar, 2007 Elurraren gainean Jon Kortazar / El País, 2007-03-19

Durangoko azoka ahaztu eta erritmo zabalagoak hartzen ari da euskal argitalpen mundua. Horrela ez dut esango lehena denik baina Igartza saria irabazi duena ateratzen da martxoan (SS. 08/2007 erregistroa darama aurtengoak), eta badirudi horrek ematen diola hasiera urte literarioari. Ondoren etorriko dira Apirileko Liburuaren egunak, primaderako nobedadeak, udako agorra eta irailetik aurrea Durango berotzeko egingo diren ahaleginak.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) idazlearen Aulki bat elurretan agertu zaigu primizia gisa. Hauxe da bere lehen liburua. Beste zenbait komunikabidek badute lehen liburua ateratzen duten idazleez kritikari berezia, ez da hori nirean gertatzen dena. Beraz, nahiz eta ez ulertuaren arriskua jarraitu liburu honetaz hitz egin nahi nuke. Badira hiru lau ezaugarri bat-batean agertzen direnak liburuan.

Lehena egiturarena da: ipuin bilduma da, baina idazlea saiatu da, forma aldetik (erlojua behin eta berriro hutsean jarriz, edo historia beraren zertzelada desberdinak agertuz) batasuna ematen testuan.

Bigarrena espazioarena da. Finlandian kokaturiko nobelak bagenituen euskal literaturan, baina Uxue Alberdiren honek —dirudienez, idazlearen esperientzian oinarrituz— Suediako paisaiak, elurteak, joera nihilistak aukeratu ditu ez soilik paisaia, baizik eta barne paisaia osatzeko eta mamitzeko.

Hirugarrenez gaiak daude. Haur baten suizidioarekin hasten den liburuak hordago gogorra botatzen du. Eta egia da ondoren, hemendik aurrera, liburuak hotz puntu bat eta narrazioaren sinpletasuna agertzen duela, hasieran jarritako apustuari ezin eutsiz. Dena dela, ipuin gogoangarriak dira liburuan, antologikoak esango nuke.

Laugarrenez, aspaldi Borgesen itzalpean ezkutaturik zegoen Julio Cortazarren eragina nabarmena da. Oihua bezalako ipuinek garbi adierazten dute lanak baduela zer erakutsi. Eta harrigarria da, eta zorionekoa, Harkaitz Canoren agerpena testuan, aipu moduan besterik ez bada ere, Oraindik tango bat zor dio ipuinean.

  3  

Aulki bat elurretan / Uxue Alberdi / Elkar, 2007 Aulki bat elurretan Goizalde Landabaso / Radio Euskadi, 2007-03-11

Bizitzako dramarik handienak haurtzaroan ematen dira, ez larriemak direlako; bai, berriz, handienak direlako. Eta horixe da Tobias txikiari gertatzen zaiona. “Orduan sartu da Tobias komunera, negarrez intzirika . Neuk irabazi dut diotso Hannari”. Ez da ume baten drama baino gauza handiagorik.

Edozein tokitan egon zitekeen azaleko aulki txikia, baina Suedian irudikatzen duzu

liburuan sartu eta berehala. Ezin beste inon irudikatu. Eta badira samin, bildur, bakardade eta beste zazpi min sailkatu-ezinezko, edozein tokitan gauzagarri gerta zitezkeenak… baina nik Suedia irakurtzen nuen. Edo behintzat, Europa iparreko herriren bat. Finlandia, Norbegia… edozein.

“Eta deserosoak dira, oso, gauza ustelak. Ustelduta egotea horixe baita: gauzak

nonbait egotea tokatzen zaienean, behar ez duten garaian. Zer da sagar ustel bat, beranduegi existitzen jarraitzen duen sagarra ez bada?”.

Deigarriak egin zaizkit kontakizunetako batzuk. Esaterako, pasioa nonbait galdu

zuen bikotea. Munch-en “Oihua” margolana zuten gustokoen. Niri ez zitzaidan arraro egin pasioa galdu izana, Munch-en koadroa maiteen izatea apur bat zoratzekoa izan behar baita. “Suedian gutunen %97 garaiz iristen omen da, beste leku guztietan bezala, bankuko fakturak izango dira garaiz iristen diren bakarrak”. %3 horiek zeintzuk dira, eta non galdu dira? Gurean ez dakit zein den iriste-proportzioa, baina niri neuri bankuko faktura denak ailegatzen zaizkit.

Karlstad ezagutzen egon naiz. Hainbestetan aipatua benetakoa behar zuela iruditu

zitzaidan. City of sunshine… eguzkiaren hiri ei da, turismo gidetan horrela dakar. Uxue Alberdik engainatu gaitu? 85.000 biztanle ei ditu hiri honek. Gidan ez du esaten baina zenbaki horretan ostenduta daude Amanda, Madeleine eta Sven. Hotza itzela da Karlstad-en baina 1885ean izugarrizko sutea izan zutela diost gidak. Ur asko duela ere bai.

Aldi berean ari naiz gida eta Aulki bat elurretan irakurtzen. Ondorio batera ailegatu

naiz. Bietako batek gezurra esaten dit. Zeinek, baina?

  4  

Aulki bat elurretan / Uxue Alberdi / Elkar, 2007 Gogoaren hotzaldiak Iratxe Retolaza / Berria, 2007-03-11

Aulki bat elurretan liburuko narrazio gehientsuenak Suedian lekutu dira. Baina, narrazio hauetan begirada biologikoa, soziologikoa eta historikoa bazterrean utzi da, eta Suediaren paisaiari begiratu zaio, betiere pertsonaien barne-paisaiaren berri emateko aitzakian. Hau da, jendearen barne-giroaren eta kanpo-giroaren arteko harreman hori agerrarazi nahian.

Jakina, Suediako paisaia eta giro horrek zuritasuna eta hoztasuna ditu ezaugarri nagusi, eta hartara, pertsonaien nortasunak ere ezaugarri bi horien bidegurutzean sortu dira. Kolore zuriak garbitasuna, perfektutasuna edota hustasuna iradoki izan ditu, eta ondorioz, elurrez eta izotzez estaliriko narrazio hauetan, pertsonaiak ere hiru sinbolo horien inguruan dantzan garatu dira. Aulki bat elurretan eta Xake mate narrazioetako pertsonaia nagusia den Sven gaztea, esaterako, zuritasun eta hoztasunaren erdian bere burua bakardadeak jota sentitzen du, inperfektutasunak jota, hustasunak jota, eta horregatik, elurraren eta paisaiaren zuritasun horrekin bat egitea izango du helburu nagusi, perfektutasuna lortzeko bide bakar. Edo, esate baterako, Munchen koadroak lapurtzen dituzten senar-emazteek ere, haien harremanean sorturiko hustasuna baretzeko egingo dute lapurreta. Baina, zehatzago esanda, pertsonaien pasioek sorturiko eta eragindako izozteak dira kontatu nahi direnak. Pertsonaia gehienek, bada, barneak izozturik dituzte, beroari ihes egiteraino, kolore gorriari ihes egiteraino, pasio-uneak elipsira eramateraino. Edota, berotasun horiek non bilatu ez jakiteraino.

Nabarmentzekoa da narrazio hauetan paisaiaren irudiak eta pertsonaien barne-hotzaldi horiek erkatzeko egindako irudi-jokoak. Ez da harritzekoa, beraz, narrazio hauetako tonua eta fokalizatze nagusia hoztasun horretan ere pausatu izana. Begi lasai eta patxadatsuak, begirada urrun eta hotzak dira nagusi, zuritasun eta hoztasun horrek ere narratzailea bildu izan balu bezala. “Baina, zertarako busti, lakua ederra badago horrela, izoztuta” (70. or.). Beroari ihes eginez, beroari beldur, eta edertasuna-lasaitasuna-oreka hoztasunari eusteko aitzakia.

Narratzailearen hoztasun hori eta edertasuna irudi zuriz emateko gogo horrek kontatu asmo denari egoki erantzuten badio ere, zenbaitetan hotz samar utzi du irakurle hau. Izan ere, irudietan eraginkor eta iradokor diren narrazio askotxo, irudi hauen joskeran hain eraginkor eta iradokor ez ditut sentitu. Beharbada, nire gustu literarioaren ondorio baino ez dena.

Hala ere, narrazio-liburu honetan badira bi narrazio bero-bero gozatu ditudanak. Oraindik tango bat zor dio narrazioan irudi horiek guztiak ederki josi direla irudi zait, eta narrazioan zehar garaturiko bi pertsonaia horien ikuspuntuak Suediako taberna batean harrigarriro uztartu direlako sentipena izan dut.

Askoz ere berritzaileagoa da Bon Jovi narrazioa, bildumako gainerako narrazioetatik urrunxe dagoena. Narrazio honetan taxi-bidaia batean gidariaren eta bezeroaren arteko harremana eta egoera irudikatzen da, baina, bi pertsonaia hauen ikuspuntuak lerroka tartekatzen dira, lerro bakoitietan bezeroarenak, eta lerro bikoitietan taxistarenak. Narrazioaren ohiko jarraikortasun hori zalantzan jartzen duen teknika honek harritu nau, eta ikaragarri gozatu dut pertsonaia batetik bestera jauzika ibiltzeko, eta lerroetan gora eta behera nahierara ibiltzeko aukera.

Nire ustean, bi narrazio hauetan landuagoa da pertsonaien ikuspuntua, beroagoa da hoztasun horien berri emateko bidea, izan ere, hoztasunera eraman dituzten horiek gehixeago arakatzen dira eta hurbilagotik kontatzen dira.

  5  

Umeen jolasa ez ezik, bizitzaren metafora da aulki-jokoa: aldiro gutako bat geldituko da lekurik gabe, eta utzi egin beharko du joko-zelaia. Maitasuna, gerra, askatasuna, errebeldia… gai handi eta eternalak ageri dira herri txiki bateko biztanleen bizitzetan. Hiru emakumeren ahotsek josten dute eleberri honen sarea: Teresa, Martiña eta Eulali haurrak ezagutuko ditugu, adokinetan korrika, baita haiek berak gaztetan ere, beren ilusio eta hausturekin, eta pasarte horiekin tartekaturik pertsonaia berberak gaur egun, arratsaldero kafea hartzen, gozotegian, nor bere aulkian. Istorio xumeen handitasuna erakusten digu Uxue Alberdik bere lehenengo eleberri honetan. Denbora eta ahots desberdinak abilki nahastuz eta pertsonaien nortasunean sakon barrenduz, bizitza bera bihurtu du kontagai, epika eta lirika guztietatik harago, estiloaren dotorezia eta arintasuna elkartzen dituen esku ziurrari esker.

Aulki-jokoa / Uxue Alberdi / Elkar, 2009 Betiereko joko bat Saioa Ruiz / Argia, 2009-10-25

Haurtzaroko jolasen artean, gutako askok gogoratuko dugu aulki-jokoa deritzana. Garaiko inozentzia kontutan izanik, nork esango luke joko soil batek baino askoz ere kutsu transzendenteagoa eduki zezakeenik?

Joko soil honetan jostatu ez denak ez du zertaz kezkatu beharrik, izan ere, mundu honetan jaio izate hutsak bilakatzen gaitu aulki-jokoaren parte-hartzaile. Bizitzaren metafora gisa aurkezten zaigu Uxue Alberdiren lehenengo eleberri honetan, bizitza eta heriotzaren mugan kokatzen gaituen joko baten antzera; bizitzaren eguneroko gauza minimoen erritmora dantzatzeko indarra edukitzeak aulki bat ziurtatzen digu, gauzak aldatzeko indarra mantenduz. Hala ere, joko guztietan bezala, norbaitek galdu beharra du eta idazleak esan bezala, “egutegiko azken orria bere lekutik erauzteko indarra galtzen duenean hilko da andrea”.

Kantoieta izeneko herri arrantzaleko pertsonaiak izango ditugu aulki-joko honen parte-hartzaile nagusiak: hiru emakume —Eulali, Teresa, Martiña—, hiru ahots eta hiru bizipen desberdin joko beraren barruan. Francoren garaian bizitzea tokatu zaien emazteen haurtzaroko bizipen pertsonalek —ametsak, traumak…— gidatzen dute eleberriaren ildoa, eta konturatu gabe, zaharturik herriko gozotegian, eguneroko kafea hartzera mugatzen den erritualean ikusten ditugu, nor bere aulkiarekin, nagusiaren irrati soinuaren erritmoan dantzan. Baina irratia ere itzaliz joango da,

  6  

haurtzaroa kontatzen den heinean eta orduko gertakizunak, in crescendo doazen heinean, zahartzaroko bizitza decrescendo batean sumatuko dugu.

Oinarrian, esan daiteke, badela kontatzeko behar bat, kontatzen dugun bitartean bizirik irauten dugulako, eta haurtzaroko zein gaztaroko kontuak berreskuratuz, mundua aldatzeko gaitasuna mantentzen dugu.

Belaunaldi baten amaiera dakarren aulki-jokoa da —Kantoietako zilbor marroixka duen belaunaldia— gazteagoei lekua uzten diena —zilbor txurixka duen belaunaldia— eta mundua aldatzeko lekukoa hartuko dutenei bidea zabaltzen diena. Baina, zorionez ala zoritxarrez, garaiak ez dira errepikakorrak eta belaunaldi batekin beste bat dator. Azkenik, geratzen zaigun gauza bakarra guztiontzat berdina izango da: aulki-jokoa.

Aulki-jokoa / Uxue Alberdi / Elkar, 2009 Musika isildu bitartean Mikel Ayerbe / Berria, 2009-05-10

Duela bi urte idazle gazteentzako VII. Igartza saria irabazi ondoren, Aulki bat elurretan ipuin liburua kaleratu zuen Uxue Alberdik. Urte berean, Joseba Jaka Literatur Beken VI. aldian saridunetako bat izan zen Hamaika makila proiektuarekin (bide batez, eta agian ez da lekua, baina nonbaiten esan egin behar, norbaitek noizbait aztertu beharko luke beka horretako Haur eta Gazte Literaturako hainbat lan sarituk izan duten bilakaera bitxia, asko helduentzako bildumetan argitaratu baitira).

Baina, natorren harira, beka laguntza horren emaitza berriki argitaratu den Alberdiren Aulki-jokoa nobela baita. Kostaldeko Kantoieta herriko kafetegi batean 80 urtetik 95 urtera bitarteko aitona-amona koadrila elkartzen da arratsaldero. Guztien artean mila urte batzen dituzte, baina nekez gaindituko dute kopuru hori euretako bat hil ondoren. Izan ere, heriotza aulki-jokoan jolasten ari da eurekin, baina musika amaitzen denean, jolasean ez bezala, aulki bat hutsik geldituko da. Dominoko fitxak ere izan daitezke, bata bestearen atzetik erortzeko lehia horretan zeinek gehiago iraun. Hainbat jolasek denbora pasatzeko aukera eskaintzeaz gain, bizitzako legeak azaltzeko ere balio dutelako. Aulkirik gabe gelditu aurretik, ordea, denbora nolabait igaro egin behar eta Martiña, Teresa eta Eulali protagonistek iragana dute aurrera egiteko aitzakia.

Istorio txikietan mamitzen dira emakume horien bizitzako testigantzak. Emakumeak baitira liburuko protagonista nagusi, eta horrek bere ondorioak ditu. Ez da kasualitatea liburu hasierako pasarte batean Peneloperen oihartzunarekin topatzea, galtzerdiak jadanik nori josi ez duen emakumeak etxeratzean behin eta berriz jositako galtzerdien haria askatzen duen bitartean. “Gelditu zirenen testigantza” biltzen saiatu delako Alberdi, eta liburuko pasarte jada antologikoenean zehazten den bezala: “Zergatik uka, lubakitik idatzitako gutunak gerra dira; sukaldetik erantzundakoak ez”. Baina Aulki-jokoa ez da gerraren inguruko beste nobela bat. Gerra agertzen da, pertsonaien iragana markatzen duen neurrian, baina gerraz gain bestelako gertaera askotxok dute lekua adineko emakume horien oroitzapenetan. Gainera, istorio batzuk azaletik soilik aipatzen dira (adibidez, adinekoek euren seme-alabekin dituzten gorabeherak), edo behin aipatuta, ez dute garapenik, nolabait irakurlearen jakin-mina piztuz baina kontua bere horretan utziz. Eta bai ikuspuntua zein istorio txikien puzzlea eratzerakoan idazleak asmatu duelakoan nago.

Orainalditik iraganera eginiko jauzietan, Teresa, Martiña eta Eulaliren haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapenak tartekatzen dira, narratzaileen ahotsetan ere jauzi nabarmenak eginaz. Kontakizun asko, gainera, fantasia ukituz biribilduta daude, eta, horrela, are bereziagoak bihurtzen dira gertaerak. Baina, agian, biribildu beharraren beharrez, zenbait pasartek baina batzuk badituztela esango nuke. Teresa eta haren

  7  

ahizpa herrenaren Plaza Berdurako eszena gogorra edo txurreroaren kontakizuna adibidetzat hartutik, eszena jakin batzuk egituratzerakoan zenbait datu aurreratzen dira eszena beraren esangura eta klimaxa areagotzeko. Eta niri, behintzat, zenbait kontakizun biribilegiak eta guzti begitandu zaizkit, gehiegi egosita baleude bezala (apaindura sinboliko gehiegirik gabe ere, bere horretan nahikoa indar badutela deritzot). Bada bestelako huts txikirik ere liburuan, hirugarren mailako pertsonaia batekin, hain zuzen.

Nolanahi ere, eta baina guztiak gaindituz, gustura eta erraz bezain erruz irakurtzen den zein ahots eta ikuspuntu bereziak biltzen dituen liburua da.

Xabier Etxaniz Erle

2013-04-28

UXUE ALBERDI: Txikitzen zaretenean AITZIBER AKERRETA PAMIELA-KALANDRAKA, 2013 “Gurasoei loak hartu aurretik kontatzeko ipuina” eskaintzen digute Alberdik eta

Akerretak liburu honetan. Eta egia esan, hau ez da ipuin bat, edo ez normalean ipuintzat hartzen ditugun horietakoa; liburuan haurrek helduei kontaturiko zenbait ideia agertzen dira, zer egin ahal izango duten heldu horiek txikitzen direnean. Hasieran, esaterako, honako hau aurki dezakegu: “Txikitzen zaretenean ez duzue lanera joan beharrik izango. Horren ordez putzuetan salto egingo duzue zapaburu bihurtu arte”, eta horrekin batera irudi bat, lapitzez marraztua eta zuri-beltzeko irudi horretan bi ume koloreztatuak, txamarra berdeak, praka urdinak, bota gorriak eta uretan plisti-plasta ari direla. Liburuak, albumak, horrelako eskema jarraitzen du orrietan barrena; haurrek helduei azaltzen dizkieten egoerak, zenbat gauza egin ahal izango dituzten txikitzen direnean, eztabaidatu, lisatu edo sukaldean aritu beharrean, eta horrela haurrak azalduko zaizkigu helduek txikitzen direnenean egin ahal izango dituzten kontu horiek egiten, batzuetan, kontraste moduan, ideia hauen aurrean helduen oraingo jokabide gris, formal, zuzena agertzen delarik. Amaierak, baina, aurreko erritmoa hautsiz, bestelako ikuspegia erakutsiko digu.

  8  

Koloretako orri batean haurrak ageri zaizkigu, irribarretsu, eta helduen janzkerarekin horietako zenbait. Amaierako testuak koska bat gehiago sorraraziz helduei lasai egoteko esaten die, helduoi lasai egoteko esaten digute haurrek: “Eta egun handi horretan, txikitzen zaretenean, hemen egongo gara gu zuek zaintzeko. Gose bazarete bularra emango dizuegu, eta nekatuta bazaudete, kulunkatuko zaituztegu loak hartu arte.” Egia esan liburuak irakurketa ezberdinak eskaintzen dizkigu, sinpleena eta agian haurrek umore ikuspegitik hartuko duten irakurketa horretatik gure gizarte honetan zahartzaroa haurtzarorako buelta interpretatzen duen irakurketa horretaraino; baina edozein kasutan irakurleak liburuaren erritmoarekin, irudien interpretazioarekin, kontrasteekin, ideien garapenarekin edo ateraldiekin disfrutatuko du. Aitziber Akerretaren irudiak nahiko sinpleak direla ematen du, baina kolorearekin eta formekin ederki jolasten du ikuslea berak nahi duen tokira bideratzeko, garrantzia, azpimarratzekoa, bizitasuna non dagoen eta non ez adierazteko. Istorioa lehen pertsonan narraturik dugu, gu, eta helduei zuzendurik dago, zuek. Horrek, arestiko ideiak are gehiago indartzen ditu. Irakurlearen identifikazio kolektiboa bilatzen da, eta lortzen dute egileek. Horren aurrean, liburua irakurle horien eskuetan jarri dugun bitartekariok gaude, liburuaren benetako hartzaileok izan beharko ginatekeenok. Izan ere, txikitzen garenean istorio hori kontatuko digute loak hartu aurretik.

Argia.com 2013

Euli-giro, Uxue Alberdi Bederatzi ipuineko sorta da Uxue Alberdik gaur aurkeztu duen Euli-giro liburu berria. Bederatzi kontakizun ezusteko eta durduzagarri. Liburuko protagonista emakumezkoak ez ditu ez adinak ez ogibideak lotzen, ezta bizi duten momentuak ere, baina euren gorputzek eta fisikotasun horretatik sorturiko sentipenek toki zentrala dute narrazioetan; bizi-grinak mugitzen ditu orain amorruz, orain desiraz, orain samurtasunez, orain mendekuz. Uxue Alberdiren prosa gardena da kontaeran, bizitasuna dauka erritmoan, aberatsa da detaileetan, zorrotza da estrategian. Kategoriak:  Susa,  liburuak  osorik.  

  9  

Euli-giro / Uxue Alberdi / Susa, 2013 Alderdi aztoragarria Javier Rojo / El Diario Vasco, 2013-10-18

Errealitateak badu alderdi aztoragarri bat. Ez da beldurra sortzera ailegatzen, itxuraz normala da-eta, baina ezinegon moduko bat uzten du bere atzean. Alderdi siniestroa, parte txarrekoa nonbait, baina definitzen zaila dena, atzeman ezin dugun presentzia leun bat baino ez dirudiena. Halako sentsazioa utzi didate Uxue Alberdiren eskutik datorkigun Euli-giro izenburuko liburuan argitaratu diren bederatzi narrazioek. Batzuetan errealitatea kolokan jartzen duen osagai horrek presentzia fisikoa du, zehaztugabea bada ere, lehenengo narrazioan baserriaren jabe egiten diren euliak bezala. Arrazoi zehatzik gabe poliki-poliki jabetzen dira etxeko gela guztiez, hor bizi den bikote gazteak zerbaiten bila dabilen bitartean eta batez ere eulien presentziaren aurrean harridura erakusten ez dutela, hori munduko gauzarik arruntena izango balitz bezala. Euliek, heriotzaren igarleak nonbait, baserri horretan misterio aitor ezina dagoela adierazten dute. Bestetan, alderdi siniestro hori batere misteriotsua ez dirudien gertakari batean aurkitzen dugu. Adibidez, haurdun dagoen emakumea bere bikotekidearen familia bisitatzera doanean ikusten dugun moduan. Denak oso maitagarriak dira berarekin, opariak egiten dizkiote, leku bat uzten diote familiaren etxean… Eta bitartean inpresioa uzten dute kanpotarra talde batean integratu nahi dutela, mutilaren familiak neska irentsi nahi duela nortasuna kentzeraino.

Euli-giro / Uxue Alberdi / Susa, 2013 Matrioxka asaldagarriak Hasier Rekondo / Berria, 2013-10-27

Gosea, bakardadea eta sumina dira, narraziootako pertsonaia baten hitzetan, literaturaren hiru zutabe behinenak. Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) narratzeko gose-grina sumindua eta trebezia naturala erakusten ditu Euli-giro (Susa, 2013) bere hirugarren ipuin liburuan. Klase ertainaren errealitate asfixiagarritik askatu ezinik gabiltzan honetan, narrazio labur epatanteak sortuz, errealismoa, surrealismoa zein errealismo magikoa konplexurik gabe uztartzeko gai dela erakusten digu Alberdik. Kameleoiaren antzera alkimizatzen ditu edukiak eta koktelera erakargarria eskaintzen digu: edozein unetan eztanda egiteko prest dauden “matriuska narratibo asaldagarriak”, sexuaren alderik perbertsoena taburik gabe jorratzeko joera tematia, xehetasun estetikoak, metafora boteretsuak eta egoerarik kafkiarrenetan sarkasmoa tentuz erabiltzeko maisutasuna.

“Txakurra bere gonbitoarekin lotzen duen enbarazua da ohitura” dio Beckettek Prousten lana hizpide duelarik. Uxue Alberdiren prosa ez da batere proustiarra, estilo zuzen eta arin baten jabe baita, baina bere pertsonaiak bat datoz txakur horrekin. Narrazioaren abiapuntua den mugaren bat dute pertsonaiok, ohitura etsigarriak are lazgarriagoa bihurtzen duena, ezintasun fisiko edo psikologiko baten jabe dira: haur bat etsituta izan nahi duen baserri misteriotsuan lekutzen den bikotea, familia zapaltzailearen arnasa jasaterik ez duen emakume haurduna, bikote adinduarekin elkarrekin suizidatzeko erabakia hartu duen idazle afizionatua, besorik gabe geratu den biolontxelo-jole ospetsua, alabaren aurrean txakur basati bihurtzen ari den ama… Narratzaile gisa lortu heldutasunak berezko estiloaz haraindi zerbait gehiago dagoela sumarazten digu hirugarren entrega honetan; elipsi finak, estiloaren freskotasunak eta narrazio ildoetan lubaki gisara erabilitako digresioen erritmoak erabat menderatzen dituela erakutsiz. Narraziorik ahulena, goiz batean bere bulegoko lankideek ezagutzen ez duten abokatuarena litzateke, Kafkaren metamorfosian oinarrituta, nonbait; ez du mantentzen gainerakoek eskaintzen duten tentsioa eta erabat aurreikus daiteke, liburuaren kalitatearen kaltetan sartu den narrazioa dela esango nuke.

  10  

Kasualitateak kausalitate bihurtzen dira, nonbait, literaturan zein bizitzan. Hortaz, ez da kausalitatea izango Alberdik omenalditxoa eskaini izana Alice Munrori (eta are kausalitateago izan liteke liburua argitaratu eta gutxira idazle kanadarrak Nobel Saria lortzea). Hortaz, ez da kausalitatea izango Munrori saria eman ziotenean komunikabideetan “Kanadako Txejov” ezizenaz izendatzea eta sare sozialetan galdera hau agertu izana : “Vargas Llosari eman ziotenean zergatik ez zioten ‘Peruko Pardo Bazan’ deitu?”. Eta ez da kausalitatea izango gure literaturan nolabaiteko misoginia hedatu izana azkenaldi honetan, emakumeen begirada berriak gutxiagotu nahian edo. Hortaz, ez da kasualitatea izango Alberdiren emakumearen begiradak kaleidoskopio baten gisara argiztatzea gizon zein emakume etsituen ahotsak. Eta begirada horrek narratzaile oso intuitibo baten forma hartzen du.

Kausalitatez ere, istoriootako zenbait protagonista idazle-afizionatuak dira. Distopia literarioak izeneko kontakizunean, Chestertonen kutsua antzeman izan diot, editore “porno-masokista” batek ideiak eskatzen dizkie indarrez idazle nerabeei : “Idatzi mundua zuen gorputz biluziei begira balego bezala. Zeren beldur zarete?” egiten die oihu. Ez gaude Rilkek poeta gazteari idatzitako gutunaren aurrean. Alberdik argiro erakusten du, euli-giroak ez diola enbarazurik egiten narrazioaren tramoia eraikitzean, ez dela ezeren beldur ohituraren gonbitoari aurre egiteko, matrioxka narratiboz jositako liburu eder hau lekuko.

Euli-giro / Uxue Alberdi / Susa, 2013 Apustu orokor bat Aritz Galarraga / Deia, 2013-11-09

Aldaketa nabarmengarriak igarri uste ditut Uxue Alberdiren lehen ipuin liburu Aulki bat elurretan hartatik (Elkar, 2007) berriki argitaratu duen bigarren Euli-giro honetara. Lehenik eta behin, ez estriktoki literarioak, nahiz inzidentzia zuzena duten halaber literatur emaitzan. Estreinako ipuin sortak idazle gazteentzako VIII. Igartza Saria irabazi bazuen —eta, ondorioz, denbora erosteko diru bat, baina era berean idazketa epe mugatua—, atera berriak ez omen du izan gisa bereko pribilegio-hersturarik —ipuinak idatzi ahala joan omen da sorta osatzen, elkarrizketa batean irakurri ahal izan dugunez—. Sariketa ko-antolatzen duen argitaletxearekin atera ordez, gainera, bestelako babesa hartu dute Alberdiren ipuinek oraingoan.

Baina guztietan inportanteenak dira, esan gabe doa, literaturari hertsiki lotutako aldaketak. 2007. urrun hartan, Aulki bat elurretan iruzkintzea egokitu zitzaidanean, bi kontakizun mota desberdindu nizkion: batetik, akzio huts-hutsa baino, narrazioaren alde plastikoa, alde formala nabarmentzen zutenak zeuden, irudi eta deskribapen oparoek lagundurikoak; eta bestetik, ipuin narratiboagoak aurkitu ahal genituen, aurreko taldekoengandik bereiz, istorioari ematen ziotenak protagonismoa, formari hainbeste erreparatu gabe. Euli-giro honetan bietatik zer bide garatu den esan beharko bagenu, zalantzarik gabe Alberdik bigarrenetik jotzea erabaki duela esango genuke; erabaki interesgarria, nire uste makalean.

Izan ere, eta nahiz eta errealismo magikoa eta surrealismoa aipatu izan diren liburuari buruzko prentsa-testuetan —tira, Arregitarrak eta Brinkola ere aipatu izan dira—, ipuin erabat errealistak begitandu zaizkit niri; euliek baserri bat hamarnaka, ehunka, milaka hartzeak ukitu fantastiko bat izan dezakeen arren; senarraren heriotza gainditu ez duen emakume baten animalizazio prozesua gorabehera. Iluntasun tanta batekin hemen, nahasmendu puntu batekin han. Eta bereziki kitzikagarria iruditu zait ipuin batzuek lortzen duten giro inkietante hori, liburua irekitzen duenak, esate batera, edota Kamera estenopeikoa izenekoak. Pena daukat giro hori liburu osoan zabaldu ez izana edo, azken buruan, zabaltzea erdietsi ez izana. Beste liburu batez ariko ginateke hitz egiten orduan, oso kontuan hartzekoa, segur aski. Alde horretatik, bildumako alerik aipagarrienak egin zaizkit Opariak edota Dena ez dago gure

  11  

esku bezalako ipuinak, giro onbera eta laino bat planteatzeaz urruti, zikinkeria, lokatza, azken batean ur-uherra azaleratzen dutenak, dela familia tradizional eta ezin korrektoago baten testuinguruan, dela bikote baten haur bilaketa erabat obsesiboan. Eta berriz diot domaia dela egiteko modu hori liburua osatzen duten bederatzi ipuinetara zabalduta ezin ikustea; eta batez ere ipuin pare batek, bildumaren erdi aldera, bereziki besteen artean hain nabarmen desentonatzea.

Horiek horrela, ordea, iruditzen zait apustu bat egin duela Uxue Alberdik. Apustu orokor bat, aldaketa batzuk edo, nahiago bada, erabaki hartze batzuk inplikatu dituena eta, noski, ondorioz, emaitza batzuk. Esan dezagun emaitza literarioa ez dela izan bete-betea, ipuin txukunak konbinatzen dituela zuzen batzuekin, nahiz gaizki ematen duten pare batekin. Baina apustu gisa eskergarria iruditu zaidala, besteren gainetik, Euli-giro ipuin liburua.

Euli-giro / Uxue Alberdi / Susa, 2013 Dena ez dago gure esku Amaia Alvarez / Argia, 2013-11-24

Aulkiak atzean utzi —Aulki bat elurretan (2007) eta Aulki jokoa (2009)— eta euliak ekarri dizkigu Uxue Alberdik bere hirugarren liburu honetan. Lehen aulkian hotza sentitu genuen Suedia aldeko narrazioekin eta bigarrenean gerraren inguruko oroitzapenak helarazi zizkiguten lagunek samurtasuna sentiarazi ziguten. Hirugarren liburua Euli-giro izenburuarekin heldu zaigu eskuartera, hasieratik amaierararaino giro burrunbatsu eta artegatsu hori izango duen ipuin bilduma da, deserosoa. Estilo desberdinak probatzen abila dela erakutsi digu idazle honek, aldaketari eta gauza berriak probatzeari beldur ez dion sortzailea dugu.

Izenburuarekin batera azaleko irudiak ere emozio bitxia transmititzen digu: emakume gazte bat dugu guri begira aurrez aurre, baina ezin dugu bere aurpegia ikusi, ezkutuan geratzen baita eskaintzen digun lore hilen sortaren atzean.

Dena ez dago gure esku lehen narrazioan agertzen zaizkigu euliak liburuari tonoa emanez, baserri batean dauden pertsonaiak zerbaiten bila daude eta euliek eragotzi egingo diete haien helburua betetzea. Opariak-en hiritik herrira doaz Añes eta Truko “ekografietako mamuak zakila duela ospatzera” familiarekin. Oreina dator hirugarrenik, protagonista neskame doa hil hurrean dagoen Klara anderea zaintzera. Su txikian testuan poliziaren galderei erantzuten topatuko dugu etxekoandre bat bere senarraren suizidioari buruzko galdeketan. Ezertan lagun diezazuket? ipuinean Marta Albeniz bere bufetera joan da lanera eta bertan daudenek ez dute ezagutu.

Distopia literarioak narrazioan Martina eta Joana idazle gazteak Benoit editorearen atzaparretan daude.Kamera estenopeikoa-n bi pertsona elkartuko dira etxe batean eta ordura arte batak bestearen bizitzan izan duen (eta izan ez duen) arrastoari buruz ariko dira. Ondo lo egin-en bikote batek haietako baten ama hartuko du etxean eta metamorfosi baten lekuko izango dira oso modu inkontzientean. Preludioa da amaiera ematen diona bilduma honi, nahiz eta izenburuak hasieraz hitz egiten digun. Bertan txelo-jotzaile bikaina izandako Sara maingu dago istripu baten ondorioz eta proposatuko diote agertokira itzultzea Leonard-en, orduko txelo jotzaile promesaren, ezkerreko eskua erabilita.

Narrazioetan egunerokotasunaren tolesak agertzen zaizkigu errealitatearen alde absurdo eta iluna bistan utziz, eta egunerokoaren ziurgabetasunaren kezka egoera eta elipsien bidez. Gure buruarengan eta gure bizitzan besteek eta inguruneak duten eragina eta dena kontrolatzeko ezintasuna hor dagoela aldarrikatzen du, bizitzaren euli giroan dena ez dagoelako gure esku.

  12  

Euli-giro / Uxue Alberdi / Susa, 2013 Dena ez dago gure esku Amaia Alvarez / Argia, 2013-11-24

Aulkiak atzean utzi —Aulki bat elurretan (2007) eta Aulki jokoa (2009)— eta euliak ekarri dizkigu Uxue Alberdik bere hirugarren liburu honetan. Lehen aulkian hotza sentitu genuen Suedia aldeko narrazioekin eta bigarrenean gerraren inguruko oroitzapenak helarazi zizkiguten lagunek samurtasuna sentiarazi ziguten. Hirugarren liburua Euli-giro izenburuarekin heldu zaigu eskuartera, hasieratik amaierararaino giro burrunbatsu eta artegatsu hori izango duen ipuin bilduma da, deserosoa. Estilo desberdinak probatzen abila dela erakutsi digu idazle honek, aldaketari eta gauza berriak probatzeari beldur ez dion sortzailea dugu.

Izenburuarekin batera azaleko irudiak ere emozio bitxia transmititzen digu: emakume gazte bat dugu guri begira aurrez aurre, baina ezin dugu bere aurpegia ikusi, ezkutuan geratzen baita eskaintzen digun lore hilen sortaren atzean.

Dena ez dago gure esku lehen narrazioan agertzen zaizkigu euliak liburuari tonoa emanez, baserri batean dauden pertsonaiak zerbaiten bila daude eta euliek eragotzi egingo diete haien helburua betetzea. Opariak-en hiritik herrira doaz Añes eta Truko “ekografietako mamuak zakila duela ospatzera” familiarekin. Oreina dator hirugarrenik, protagonista neskame doa hil hurrean dagoen Klara anderea zaintzera. Su txikian testuan poliziaren galderei erantzuten topatuko dugu etxekoandre bat bere senarraren suizidioari buruzko galdeketan. Ezertan lagun diezazuket? ipuinean Marta Albeniz bere bufetera joan da lanera eta bertan daudenek ez dute ezagutu.

Distopia literarioak narrazioan Martina eta Joana idazle gazteak Benoit editorearen atzaparretan daude.Kamera estenopeikoa-n bi pertsona elkartuko dira etxe batean eta ordura arte batak bestearen bizitzan izan duen (eta izan ez duen) arrastoari buruz ariko dira. Ondo lo egin-en bikote batek haietako baten ama hartuko du etxean eta metamorfosi baten lekuko izango dira oso modu inkontzientean. Preludioa da amaiera ematen diona bilduma honi, nahiz eta izenburuak hasieraz hitz egiten digun. Bertan txelo-jotzaile bikaina izandako Sara maingu dago istripu baten ondorioz eta proposatuko diote agertokira itzultzea Leonard-en, orduko txelo jotzaile promesaren, ezkerreko eskua erabilita.

Narrazioetan egunerokotasunaren tolesak agertzen zaizkigu errealitatearen alde absurdo eta iluna bistan utziz, eta egunerokoaren ziurgabetasunaren kezka egoera eta elipsien bidez. Gure buruarengan eta gure bizitzan besteek eta inguruneak duten eragina eta dena kontrolatzeko ezintasuna hor dagoela aldarrikatzen du, bizitzaren euli giroan dena ez dagoelako gure esku.

Euli-giro / Uxue Alberdi / Susa, 2013 Euli-giro Itziar Egibar / Aizu!, 2013-12

Bederatzi ipuin bildu ditu Uxue Alberdik Euli-giro liburuan. Arruntena ere, arraro, nolabait sailkatzearren. Eta larrigarri, ilun, aztoragarri… Izan ere, narrazio gehienen abiapuntua eta protagonistak nahiko arruntak izan arren (bikote gazte bat baserri batean bizitzen, mutilaren familia bisitatzera joandako haurduna, andre gaixoa zaintzera hirira doan neska gaztea…), kontakizunek ezohiko bidetik egiten dute aurrera.

Narrazioak erabat independenteak dira, tonua besterik ez dute berdina. Hori eta erraz irakurtzen direla, erritmo bizia eta elkarrizketa asko dituztelako, eta nahiko laburrak direlako. Alde horretatik, egokiak oso euskaltegiko bigarren mailatik gorako irakurleentzat. Haatik, baten batek, euskara maila altua izan ezean, uste lezake ez duela ondo ulertzen. Baina bego lasai, ez baita hala: zenbait esaldi lehenengo

  13  

irakurraldian ez ulertzeko arrazoia ez da hizkuntza maila izango, kontakizunaren izaera surrealista baizik.

Ipuinak ez dira irakurtzen amaitu ondoren sentsazio atsegin eta baketsua uzten duten horietakoak. Alderantziz, tarteka umore ukituak aurkitu arren, oso bakanak, tristura, ezinegona, kezka, baita nazka ere, eragiten dute gehienek. Idazleak irakurlearen barrena asaldatzeko gakoa aurkitu duen seinale.

Euli-giro / Uxue Alberdi / Susa, 2013 Giza-misterioen erraietatik Iraitz Urkulo / Berton, 2013-12-08

Uxue Alberdiren Euli-giro liburu berriko bederatzi ipuinak irakurri ahala, ezin izan diot eutsi 2007an autorearen ibilbide literarioari hasiera eman zion Aulki bat elurretan harekin konparatzeko bultzadari. Alberdiren bereizgarritzat jo daitezkeen hainbat ezaugarrik hor diraute, beste zenbaitek lausotuta edo aldaturik antzematen diren bitartean. Esaterako, idazleak erritmo arin eta molde irakurterraz eta atseginaren alde egiten jarraitzen badu ere, oraingo istorioak, hizkera zehatzagoa baliaturik, estilo biluziago batean emanak dira. Antzeko zerbait nabari da lehen obran gainezka egiten zuen emozioarekin, metafora eta, batez ere, dena busti zuen lirismoarekin oso lotuta zegoena; baliabide hauei mugak ezarri nahi izan dizkiola dirudi, askoz neurritsuago jokatuz haien erabileran. Inork ez dezala pentsa, ordea, Alberdik diskurtsoaren esperimentazioari ateak erabat itxi dizkionik, izan ere, une jakinetan garai bateko izaera jolastia berreskuratuz, egitura metadiegetikoekin eta autofikzioaren inguruan ironizatzera ere ausartzen den narratzaile batekin egiten baitugu topo.

Aulki bat elurretan-en gairik tragikoenak edertasun bare eta goxo batez islatzetik itsuskeria laztantzera eta honi etekin estetiko handia ateratzera igaro da Euli-giro-n. Horretarako, emozioetatik abiatu da, hauek ez hain agerian, lehen planora ekarri gabe, lausoago (baina, halere, eraginkor) eskaintzen bazaizkigu ere. 6 urte hauetan, bestalde, Uxue Alberdiren narrazioek sakontasuna irabazi dute, hau da, obra berria irakurleok hausnartzera gonbidatzen gaituen literatura burutsuago bat, interpretazio-maila ezberdinekin, proposatzera baitator. Azkenik, bada lehen lan haren eta Euli-giro-ren arteko alde nabarmen bat: giroa. Aulki bat elurretan-en alderdi hau baldin bazen narrazioetako abiapuntu eta erdigune, azken liburu honetan argumentua laguntzeko funtzioa egokitu zaio. Horrela, objektibotasuna eta emozionaltasunaren arteko oreka betea gorde duten deskribapenetatik ez bada, zuzenean gertaeretatik edo pertsonaien elkarrizketetatik eratortzen den funtsezko osagai bihurtu da giroa.

Alberdi modu trebean nahastu ditu errealitatea eta fantasia bederatzi narrazioetan, errealismo magikoa edo surrealismoaren ukituaz lagundurik, jolas intertestualaren eskutik zenbaitetan. Istorioen oinarrian, gizakiaren baitako zein bere ingurukoekiko gatazkei eragiten dien misterioa dago. Eta lan osoa hartzen duen iluntasun moduko bat, Alberdirengan sekula ikusi gabea; obsesio baten antzera, irakurleoi pertsonaien beraien ezinegona kutsatuko diguna. Oroz gain, idazleak ederki kudeatzen asmatu duen tentsio narratiboa, istorioen arrakastaren arrazoi nagusia dena, zalantzarik gabe, tentsio hau nahasmen sentsazioa, umore beltza eta jadanik ohituak gaituen hunkitzerainoko sentiberatasun berezia bezalako osagaiekin uztartzeko erakusten duen dohainarekin batera. Izan ere, autore honen sorkuntzan transzendentzia eta anekdotaren arteko trantsizioa xehetasun sotilen esku dago maiz. Areago, esan dezakegu Alberdiren narrazioak detaile txiki anitzen segida direla. Bestetik, berea ñabardura askotako idazkera da: esaldi bakar batean, tonu dramatikoa umore absurdo ukitu batez arintzea lortzen du, giroa dexente goxotuz, xamurrago bihurtuz istant batean; ordura arte tentsioari eusten genion irakurleoi irribarrea ateraz.

  14  

Egituraren aldetik, argumentuen ezohikoak hasieratik bertatik gure interesa pizten badu ere, gehienetan ezinezkoa da azken momentura arte egoerari zentzu ematea, hain da zorrotza narratzailea eta, aldi berean, hain urria diskurtsoak eskaintzen duen informazioa. Hortaz, pertsonaien motibazioarekin batera, istorioen kokapena eta mamia ahalik eta denbora gehien ezkutuan mantentzea da ipuin hauen ezaugarririk nabarmenetakoa. Horrek, noski, amaierak iradokizun-eztanda bihurtzen ditu, non interpretazioa irakurleon esku, aukera ugaritara zabalik antzematen dugun. Azken batean, argumentu erakargarri, forma zaindu eta estrategia narratibo eraginkor baten arteko erabateko orekan datza ipuin hauen sekretua.

Narrazioetako protagonistak adin eta egoera arras ezberdinak bizi dituzten emakumeak dira, baina denak etxe barruko atmosfera astunak itotzen dituela agertzen zaizkigu. Aulki bat elurretan-en ez bezala, non pertsonaiak ekintzak eramanak ziren, oraingoak sakontasun psikologiko handiago baten jabe dira. Lehendabiziko aldiz, bestalde, beren bizitzaren kontrola hartzeko prest dauden protagonistak sortu ditu idazleak, perbertsio-puntu bat ere erakusten dutenak, askotan desira sexualarekin estu lotutako morboak lagundua dena. Horien gorputza (haurdun egonik edo gaixotasunak jota irudikatua dena, besteak beste), gainera, hitzen beharrik gabe erakusten duen adierazpen-indarra dela eta, diskurtsoaren osagarri bilakatzen da sarri. Oro har, protagonistengan nabarmentzen den alderdia izaera zintzoarena da, hau da, egunerokoan azaleratzen diren giza-ahuleziak agerian uzteko inolako kezkarik gabe jokatzen dute. Izan ere, pertsonaiekin egin bezala, irakurleoi dagokigunez ere Alberdik ederki daki gure baitako alderdi emozionalarekin konektatzen, lehen azal-geruza urratzen, argi-itzalen artean aurrera eginez, isilpeko misterioak gorde ditugun tokirainoko bidea egin arte.

Alberdiren literatura sorkuntzan bilakaera interesgarri baten lekuko izan naizelako sentipenarekin itxi dut liburua, aulkiekin gora eta behera zebiltzan Alberdi hura, oraingoa baino askoz xaloagoa zena eta formarekin esperimentatzeari garrantzi handiagoa ematen ziona, faltan bota ez ote dudan zalantzaz; baita, itxuraldatua bada ere, idazle honen berezko estiloaren xarmak hor dirauen ziurtasunarekin itxi ere.

“Unibertsitatean ez dizute ezer irakatsiko, bost axola zaie literatura. Ikusi duzu inoiz irakurtzen duen bitartean haserrea zainetara igotzen zaion irakaslerik? Poemak arbelean izkiriatzen izerditzen al da funtzionario horietako bakar bat ere? Ez dizute deusetarako balio. Gosea, bakardadea, sumina! Horra hor literaturaren hiru zutabe behinenak!”.        

  15  

Eñauti

eta Lurri

Dena ez dago gure esku Handia eta apartatua zelako gustatu zitzaigun baserria. Negu berean hil ziren Mirenen eta bion amak ustekabean (aitak aspaldi ziren hilak), eta ez zitzaigun herentzian jasotakoa inbertitzeko beste modurik bururatu. 1672an eraikitako Iriarte Azpikoa baserrian leinu luze bateko azken oinordekoak sentitzen ginen. Bi belaunaldi lehenago hamasei seme-alabako familia bizi izan zen lekura aldatu ginen, gu biok bakarrik. Atarian zintzilikatutako erretratu zuri-beltzean ezagutu genituen: hamar mutil eta sei neska, okasiorako dotore jantziak. Goizeko bostetan esnatzen nintzen, neurez, iratzargailu premiarik gabe. Bezperan bernizatutako altzariak usaintzera joaten nintzen lehenbizi. Gero ura berotzen nuen Miren lo zegoen bitartean, notiziak entzuten nituen eta, bizarra egin ondoren, esnatu egiten nuen te beroarekin gosaltzeko. Eskua irristatzen nion lotarako janzten zuen elastikoaren azpitik, baina «gero» xuxurlatzen zidan erdi lotan, «badakizu». Baserria berritzeari ekin genion: liburutegi bihurtu nahi genuen lastategia. Isilik lan egiten genuen. Hamabiak aldera «tira, ba» esaten zuen Mirenek, eta sukaldera joaten zen. Hamasei senideko familia hartan pentsatuz bazkaltzea gustatzen zitzaion, seme-alaben izenak asmatzea eta denak errenkan esatea, otoitz bat bezala. Platerak jaso eta logelara erretiratzen ginen. Eta orduan hasten genuen eguneroko bilaketa, astiro. Batzuetan arratsalde osoak ematen genituen zokomiran, aldian-aldian tea edanez atseden hartzeko. Orduan maitasun hitzak esaten nizkion Mireni, eta noizean behin berak izterrak ferekatzen zizkidan behetik gora. Gogorra zen bilaketa. Armairuak arakatu behar ziren, kutxa zaharrak, ate-osteak eta tiraderak. Logelan hasi eta gainerako geletan barrena, banan-banan. Arratsaldeko zortzietan uzten genion bilatzeari. Akituta amaitzen genuen. Edozein zokondotan egon zitekeen, gutxien espero genuen lekuan. Noiz azalduko zen ez jakitea zen makurrena. Azalduko ote zen jakitea. Mirenek azalpen zehatzik gabe uko egin zien Madrilgo ekoiztetxe bateko bi eskaintzari eta nik atsedenaldi bat eskatu nuen aroztegian. Neure kontura saiatzeko intentzioa neukan, baina ez nuen aterik itxi nahi badaezpada. Baserria erosi ondoren, herentziatik geratzen zenarekin bagenuen bizpahiru urtean bizitzeko adina. Helburu bakarra genuen: berrogeiak bete aurretik bat lortzea, kosta ala kosta. Eta etxe hartan behar zuen, Iriarte Azpikoan, ez zegoen beste leku baten bila hasteko betarik. Hantxe behar zuen, ondo miatzea zen kontua. Edozein egunetan iritsiko zen, eta prest egon behar genuen.

  16  

Mirenek ez zuen gauza handirik egiten. Pentsatu, gehiago. Ez zen inoiz eskuekin abila izan; «traba egiten didate, joder», esaten zuen zerbait erortzen zitzaion bakoitzean. Erori, galdu, labaindu, isuri, kolpatu, jo... Mirenen eskuek egiten zituzten nahi gabeko gauzak ziren. Buruan, aldiz, dena zuen txukun apailatua. Gai zen baserriaren planoa buruz esplikatzeko, berritu beharreko gelen eta altzarien inbentarioa gogoratzeko, lehentasunak markatzeko, koloreak konbinatzeko, hormak eraisteko eta berriak jasotzeko besaulkitik altxatu gabe. Konfiantza osoa nuen berarengan. Nik ez bainekien pentsatzen. Nik egin eta egin egiten bainuen, egiteaz nekatzen nintzen arte. Mirenek pentsatuta zeukan gure hura nolakoa izan zitekeen, eta harekin egin nahi zituen gauzen zerrenda ere aipatzen zidan: aspaldi bisitatu gabeko lekuetara itzuli, Zuberoara eta haurtzaroko Artaxonara; elurra erakutsi eta izotz-kandelak; Ibaizabalgo harripausoetan ibili; karramarroak harrapatu haitzartean. — Aurpegia ikusi diot —esan zidan behin gosaltzen ari ginela. Poztu egin nintzen, zeren bila genbiltzan jakitea aurrerapauso garrantzitsua zelakoan. — Izenik pentsatu duzu? —ausartu nintzen. — Aurkitu dezagun lehenbizi. Hemen nonbait behar du. Baina nahitaezkoa zen zain egotea. «Zain egon behar dugu, dena ez dago gure esku», esaten zuen. Bitartean, etxea atontzen jarraitzen genuen. Bizitokia zenbat eta erosoagoa izan, lehenago azalduko zela iruditzen zitzaigun. Ez zuen ezeren faltarik sumatu behar, beste guztien artean gu aukeratu behar gintuen. Besaulki granatean dekorazio-aldizkariz inguratuta oroitzen dut Miren, edo ateen markoetan bermatuta gela hutsei begira. Batzuetan esaldi bakarra esaten zuen goiz osoan: — Zure amaren komoda hemen jarriko dugu. Ondo gogoan dut Iriarte Azpikoaren egitura eta antolamendua. Harlangaitzez egindako baserri sendoa zen, oinarri laukizuzenekoa. Teilatuak bi aldeetara etzaten ziren. Harrizko zutabeek eutsitako haritz-zurezko langa sendo batek osatzen zuen atari zabala. Beheko solairu osoa ukuiluari zegokion antzina, eta bitan zatitu eta bertan hall modukoa eta aroztegia eraikitzea zen gure asmoa. Lehen solairuan, bebarru batetik sartzen zen geletara: ezkerretara sukaldea, erdian jangela ederra, eta eskuinaldean lastategia izandakoa. Lastategitik barrena beste sukalde batera barneratzen ginen: zaharragoa eta itxiagoa hura, hamarkadetan erabili gabeko tximinia izkina batean. Logelak bigarren solairuan zeuden, eta teilatupean ganbara-biltegi-mandioa. Hantxe bereizten zen ondoen etxearen teilatu-zurajea, pieza bakarreko habeen gainean eraikia. Egitura osoak haritz-egurrezko habeak eta karga-hormak konbinatzen zituen, eta egurrezko eta zeramikazko teilaz estaliriko uhal eta gapirioz sostengaturiko teilatu-armadura sendoari eusten zion. Hegoak jotzen zuen astearte arratsalde batean gertatu zen. Ganbaratik hastea proposatu zidan Mirenek, bilaketan hurrenkera logiko bat jarraitze aldera. Lehortegia izandako eremuan izara zaharrez estalita zeuden antzinako altzariak miatzen hasi zen bera, eta nik ertz batean pilatuta zeuden kutxei ekin nien. Zeharka begiratzen nion Mireni, ez nion sekula halako ekimenik ezagutu. Giharrak tenk, begiak atezuan, eskuak haztaka. Pilaturiko kutxetan hautsak jandako atorrak eta gonak aurkitu nituen, hamasei seme-alaba haietakoren batenak izango zirenak; soldadu baten erretratua, 1943koa, eskaintza eta guzti: «Un recuerdo de su hijo Juan Unanue». Positiboaren atzealdean zigilu-marka: Julio Montes fotógrafo. San Juan 63. Burgos. Gutunak, baserriaren planoak, kontratuak, lursailen eskriturak, medikutako agiriak.

  17  

Miren aditzen nuen altzariak lekualdatzen, ataskei kolpeka. Kamiseta erantzi zuen, azalak dizdiz egiten zion izerditan. — Zer? —galdetu nion—, ezer ez? — Ez. Eta hor? — Hemen ez dago. Euli bat pausatu zitzaion bularren arteko erretenean, esku-zarta batez apartatu zuena. Eta bila jarraitu zuen. Gereziondo trinkoz egindako apaintze-mahai bat estalgabetu zuen. Putz egin zion ispiluari. Ez zuen zolda isla lausotik erauztea lortu. Hiru tiradera zituen mahaiak, baina hutsik hirurak. — Ederra da —esan nion. — Bai. — Nahi duzu zure gelarako? Konpon daitekeela uste dut. Ilean gatibatu zitzaion beste euli bati putz egin eta esan zidan: — Ondo —eta gero jarraitu zuen—: Zerbait egin beharko da euliekin. Ordura arte ez genien erreparatu, baina ugari zegoen, eta egun hartan gogaikarri zeuden, beroagatik agian. — Utziko diogu gaurkoz? Begi-zuloak zituen Mirenek. Indar berriz altxatzen zuen izara bakoitza. Eta gure hura ez zen inon ageri. — Jaitsi zu, ni beste pixka batean geratuko naiz. — Ukuiluan eta sukalde zaharrean ez dugu oraindik begiratu. Logelak ere falta zaizkigu. Azalduko da. Ile-xerlo bat belarri atzera eraman nion eta gerri biluzia doi ukituz esan nizkion hitzok. — Bai. Ez zuen jaitsi nahi izan. Eta gero, ganbarako atea itxi nuenean, negarrez ari zela iruditu zitzaidan. Zartada bat edo beste aditu nituen jarraian. Bakean utzi nuen. Atarian atondu nuen mahaia, giro zegoen kanpoan afaltzeko. Han behean herriko argiak antzematen ziren. Hurrengo goizean, esnatu nintzenean, zurrumurru bat aditu nuen ilunetan, hozkailu batena edo ur-deposituren batena izan zitekeena. Mirenek lo segitzen zuen. Zurrumurrua ganbaratik zetorrela ohartu nintzen. Kontuz egin nuen erdi usteldutako eskaileretan gora, kirrinkak Miren iratzar ez zezan, eta tentuz zabaldu nuen atea. Eskua atalostera itsumustuan eraman eta argia piztu nuen. Dena euliz beteta zegoen, hegaldi zoroan zebiltzan, hormekin eta elkarren artean talka egiten. Sabaitik zintzilik zegoen bonbilla biluziaren inguruan tematu ziren. Aldi berean astintzen zituzten ehunka hegoek ziztu zoli desatsegina sortzen zuten. Atea danbatekoz itxi eta sukaldera jaitsi nintzen. Irratia piztu, ura berotzen ipini eta intsektizida bilatu nuen garbikarien armairuan. Bi zinta itsasgarri ere topatu nituen. Ganbarara igo nintzen berriro. Sudurra kamisetaren lepoarekin estalirik, intsektizida zabaldu nuen gelan, batez ere bonbillaren inguruan ekinez. Bizkarka atera nintzen handik, produktu hilgarriari eragina egiten uzteko. Itzuli nintzenerako, gainezka egindako ura lehortzen ari zen Miren sukaldean. — Ganbara hartu dute —esan nion. Intsektizidari begira geratu zen. — Gutxienez badakigu gurea ez dagoela han. Nik ez nuen harekin pentsatu, baina arrazoi zuen Mirenek.

  18  

— Gero itzuliko naiz, ea honek hil dituen. Gosaldu eta eguneroko lanetara itzuli ginen. Lastategiko zorua eta hormak amaituta zeuden, pintura zuria eman genien. Apalategi metaliko batzuk muntatzen ari nintzen, pieza bakarreko haritz-egurrezko lan-mahaiarekin kontrastea egingo zutenak. Amaitutakoan ekingo nion sehaskari, kulunka egiten zuen bat eraiki nahi nuen Mireni ezustekoa emateko. Bera liburuak kaxetatik atera eta generoka eta alfabetikoki antolatzen ari zen, burua altxa eta niri begira jarri zenean: — Entzuten dituzu? Elkarren atzetik igo ginen eskaileretan gora. Atea ireki nuenean Mirenek ahora eraman zituen eskuak. Milaka ziren. Lurrean hildako euli mordoa zegoen, eta erdi hildako asko, hegoak eta hankak zartadaka astintzen. Baina gehiago ziren biziak, gezi-leihoetatik sartzen ziren eguzki-izpien artean hegaka. — Itxi hori! —agindu zidan Mirenek—. Goazen behera! Poliki jaitsi ginen, Miren aurretik eta hari segika ni. Tea zerbitzatu nion sukaldean, eta garbikarien armairuan intsektizida-poto gehiago ba ote zegoen begira hasi nintzen. — Ahaztu. Ez gara berriro horra igoko. — Akabatu ditzakegu agian —ohartarazi nion. — Ez, ganbara hartu dute. Kito. Behean bilatuko dugu. — Ziur zaude? — Bai. Apaintze-mahaia gorabehera, ganbaran ez zegoen baliozko gauzarik. Etsiko genuen hara igo gabe. Tea amaitu eta apalategiak muntatzen eta liburuak atontzen jarraitu genuen eguerdira arte. Mirenek ez zuen ezer esan, salbu eta: — Poemario hau galdutzat neukan. Bazkalostean atzetik hurbildu eta musu eman nion lepoan. Sorbaldak erlaxatu zitzaizkion. Elkarri begietara begira jo genuen larrua, oso poliki. Esperantzatsu sumatu nuen udako soineko arina janzten zuen bitartean. Arratsaldean bigarren solairuko logeletan hasi genuen bilaketa. Zazpi ziren, gurea eta beste sei: seme-alaben logelak eta morroiarena izango zen gela itsua, garai hartako ohearen armazoia eta armairu txiki bat mantentzen zituena. Handik hasi zen Miren eta hormaz horma zegoen logelatik ni. Armairu zabal bat zuen gelak alderik alde, zizeilu bat aurreko paretaren kontra. Pipiak janda zegoen armairuaren egurra, ezinezkoa izango zen hura berreskuratzea. Barruan zumezko saski handi batean azpizarak eta manta zahar batzuk zeuden elkarren gainean pilatuta. Banaka atera eta zabaldu egin nituen. Haietariko batzuek U.G. inizialak zituzten brodaturik. Hirugarren tapakia zabaltzean, bost mila pezetako billetez betetako gutun-azal bat erori zitzaidan lurrera. Jabeek ahaztuta utzi zituzten isileko diru haiek, eta orain ez zuten ezertarako balio. Lurrean utzi nuen gutun-azala, zizeilua mugitu eta armairuaren goiko apaletara iritsi nintzen. Egunkari-orriz bilduta zegoen fardel bat hartzera nindoan Mirenen garrasia entzun nuenean. Zizeilutik jauzi egin eta korridorera irten nintzen. Bizkarra atearen kontra zegoen Miren, zurbil. — Ikusi egin duzu? Atea ireki nahi izan nuen, baina indarrez bultza egin zidan. — Zer gertatzen da? — Logela hartu dute.

  19  

Nik arakatu nuen gelara ere sartu ziren beste batzuk. — Lasai —esan nion—. Ondo begiratu dut, ez dago hemen. — Seguru? Hurrengo logelari ekin genion. Pozoiaren bila jaitsi nahi izan nuen, baina Mirenek ez zidan utzi: «Eta gurea akabatzen badu?». Miatutako geletako ateak eta leiho guztiak itxi genituen, eta hala ere zirrikituetatik pasatzen ziren euliak hamarnaka, ehunka, milaka. Armairuak, tiradera-altzariak, gau-mahaiak, komodak eta kutxak ireki eta barruan zegoen guztia bota genuen lurrera. Eskuz esku ekin genion, izerditan eta arnasestuka. Han nonbait behar zuen. Eta gero eta hurbilago, inguruan pilatzen zitzaigun hegoen burrunba. Begietara nahi zuten, ahora. Uxatu ahala hurbiltzen ziren berriro. Ileen artean sartzen zitzaizkion Mireni, laguntza eskatzen zidan, astindu eta tira egiten zien bilo ilunei. Lurrean barreiatutako pusken artean arropa txiki batzuk agertu ziren paketatzeko paperean bilduak: artile garestiz egindako galtzak, jertseak eta tapakiak ziren. Izango zituzten berrogeita hamar urte. Eskuetan hartu zituen Mirenek. — Ez dago denborarik —gaztigatu nion. Demasekoak ziren euli-saldoak: lanparetan, lurrean, kristalen kontra. Logela guztietan bilatu genuen, eta ez genuen aurkitu. Izututa zegoen Miren. Besarkatu egin nahi izan nuen arren, oihuka baztertu ninduen. Dardarka zegoen. Esku bat hormaren kontra jarri eta eztulka hasi zen arnasa eteteraino. Izututa hurbildu nintzaion, baina bultza egin zidan ezagutzen ez nion bortizkeriaz. Oka egin zuen, eta hantxe bertan kukutu zen burua belaunen artean. Zutik geratu nintzen gorputz erdi biluzi haren aurrean, euliek nola kolpatzen zuten beha. — Bukatu da. Eskutik heldu zidan. Arnasa baretu zitzaion. Sukaldera jaitsi eta tea egin genuen. Han pasa genuen gaua, euliek etxea nola hartzen zuten entzuten. Sukaldera sartu zirenean, jertse bana hartu eta, ukuiluan barrena, kanpora atera ginen. Giltzaz itxi genuen Iriarte Azpikoa. Herriko argiak antzematen ziren han behean. © cc-by-sa Uxue Alberdi

www.susa-literatura.com                            

  20  

   

DEABRUAREN ABOKATUA

UXUE ALBERDI

"Zertan saiatu aitorpen intelektualaren bila? Emakumea naiz"

Bertsolea. Edo idazlaria, orain ez nago seguru.

Aritz Galarraga

2297. alea 2011-11-06  

Egun berezia da gaurkoa: Erasmus belaunaldiko idazle bat elkarrizketatzen dudan lehen aldia da.

Eta? Dioten bezain politak, atseginak, sinpleak eta emakumeak al gara?

Orain esango didazu idazleak idaztea baino ez duela buruan, gainontzekoak ihes egiten dizuela.

Ez, keba, egoak ihes egingo baligu lortuko genuke idaztean soilik pentsatzea, baina bitartean egoari jaten eman behar zaio!

Bertsolaria izatea ere promozio estrategia horren baitan sartzen da?

Jakina, eta saio gutxitxo nituenez haurdun gelditu nintzen, badakizu, ezberdina izateko. Beltza eta zuberotarra izatea baino ez zait falta.

Baina bertsolari eta idazle, bi jardunak hain urrun egonik...

Elkar orekatzen dute. Plaza eta etxea, arriskua eta segurtasuna, bat-batekotasuna eta patxada, lagunartea eta bakardadea...

Afektiboki daude urrun: batzuek besteen publikoa nahi dute; besteek batzuen aitorpen intelektuala.

Idazleen artean inbidioso gehiago aurkitu ditut nik... Gainera, zertan saiatu aitorpen intelektualaren bila? Emakumea naiz. Salbuetsitako oso gutxik lortzen dute...

Aizu, azkenaldian Elkar argitaletxean denak zarete emazteak, eta gazteak, eta ederrak.

Eta idazleak. Gogoratzen? Susan, berriz, denak gizonak, serioak, hiperkritikoak. Batez ere, Eider Rodriguez gazte ederron bandora pasa denetik.

Erasmus genioen; baina, kasu, orain Interrail belaunaldikoak datoz eta.

Pozik irakurriko dut Goiatz Labandibarren lana. Azken hilabeteotan ez dut ia astirik izan, eta irakurtzeko eta idazteko desiatzen nago.

Ez nizun bizitza pribatuaz galdetu behar, baina gaia atera duzunez...

60 metro koadroko etxean bizi naiz. Estua da nire bizitza pribatua.

  21  

Estua, ez dakit, baina ez du makala behar euskal Brangelina izateak.

Nire bikotekideak ez du Brad Pitten antzik!

Eskerrak prentsa arrosarik ez dugun.

Gurea okerragoa da: kritika serio-ustekoz mozorrotzen ditugu txutxumutxuak! Nork ez du behar Sálvamepixka bat?

   

KULTURA

UXUE ALBERDI ESTIBARITZ

"Sinesgarritasunak eta zehaztasunak obsesionatu naute"

Argitaratu berri duen Euli-giro (Susa) ipuin liburua aitzakia hartuta, begia non jarri duen galdetzera joan gatzaizkio, eta bidenabar, bertsolaritzaz eta feminismoaz

mintzatzera.

Garbine Ubeda Goikoetxea Estitxu Eizagirre 2385. alea 2013-10-06

Egoera deserosoak erretratatu dituzu, giro gogaikarria, izenburuak iradokitzen digunez. Zer landu nahi izan duzu?

Euliak zurrunbiloa izan daitezke, itolarria, traba, iluntasuna, deserosotasuna eragiten duten detaile txiki asko... Baina euliek, kanpotik, ez dirudite arazo handia. Gainean dituenak bakarrik sentitzen ditu.

Ipuinak idazten hasi nintzenean, asmoa ez zen gai baten inguruko bilduma osatzea. Nire emozio eta sentazioetatik eta nire inguruko emakumeen sentsazioetatik abiatu naiz, ipuin asko fisikotasunean kokatuta daude, gorputzak presentzia handia duela esango nuke. Sentsazio horiek giro eta atmosfera batzuk sortzera eraman naute. Bakoitzak euliekin zer egiten duen da kontua: akabatu, apartatu ala haiekin bizitzen ikasi.

Ahalik eta ipuinik onenak idaztea izan dut helburu, testu bakoitzarekin konprometitzea. Deserosotasun hitza zabalegia egiten zait. Zenbait ipuinek puntu kezkagarria dute, edo itolarri giroa da nagusi, baina badago umorea, eta ironia, bakoitzak zer eta nola irakurtzen duen, nola sentitzen den. Opariak ipuinean, kasurako, umore handia dago, umore beltza, nahi baduzu. Dibertitu egin naiz ipuin hori idazten. Deserosoak izan daitezke, edo harrigarriak, edo ezinegona eragiten dutenak...

Sentimenduak landu nahi izan dituzu, beraz?

Ez dakit zer esan. Idazle bakoitza leku desberdin batetik abiatuko dela iruditzen zait, adibidez intelektotik. Ni, berriz, emozioetatik abiatzen naiz batez ere. Ipuin bat lantzen hasten naizenean abiapuntua ez da izaten honoko hau adierazi nahi dut edo halako zera aldarrikatu nahi dut, edo jendeak zera uler dezan nahi dut… Helburua literarioa izan da guztiz, ez da introspekzio ariketa

  22  

izan. Miren Agur Meabek Kristalezko begi baten helburu literarioa zuen baina bere buruarekin ahalik eta fidelen izaten saiatu zela esan zuen. Nireak hori ere ez du. Fikzioa egiten saiatu naiz hasieratik, eta gero, idazle gisa askotan egiten dudan akatsa, ipuinak buruan ondo egituratu gabe ditudala hasten naiz idazten, bultzada batetik. Eta ari naizela konturatzen naiz hemendik ez noala ondo, eta emozio, istorio edo hasierako material hori utzi egiten dut, edo beste forma bat ematen diot edo baztertu egiten dut.

Ipuin asko gelditu dira atzera bidean, baina bukatu ditudan guztiak hemen daude.

Zertan jarri duzu ahalegina?

Hizkuntzari dagokionez, ahalik eta zehatzena izaten saiatu naiz. Jarri dudan adjektibo bakoitza jarri nahi izan dudalako dago hor, jarri nahi nuena hori zelako. Zehaztasunak eta sinesgarritasunak obsesionatu naute; sinesgarritasuna, askotan hitzarmen surrealista baten barruan, ipuinak zenbait kasutan erabat sinesgaitzak izan litezkeen arren. Niretzat zentzua, gorputza eta osotasuna dauzkan testua bilatu dut. Zentzu horretan, oso ongi ezagutzen ditut pertsonaiak, eta hori bada aldea Aulki bat elurretan liburuarekiko. Ez dut uste hango pertsonaiak hain ongi ezagutzen nituenik. Haiek istorio bat kontatzeko edo atmosfera bat sortzeko aitzakia ziren orobat. Hemen, pertsonaien psikologia ezagutzen saiatu naiz, eta zehatza izaten. Pertsonaia liburua dela esango nuke.

Elkarrekiko oso ezberdinak dira ipuinak. Haien arteko lotura, deserosotasun deitu diozun hori, mahatxuzko atmosfera edo, kasu batzuetan obsesioa dela esango nuke. Pertsonaiak ez daude lasai.

Ipuinak lanbro bat bezala heda zitezen saiatu naiz, a priori gogorrak, ertzekoak edo are sinesgaitza diruditen egoerak pixkanaka arrunt nola bilakatzen diren marrazten. “Entenditzea ohitzea dun”, dio pertsonaia batek.

Bestalde, etxeen presentzia handia da, istorio asko etxe barruetan gertatzen dira, gerora konturatu naizenez. Izango du zerikusirik azken bi urteetan, haurra jaio ezkeroztik, etxean denbora luzea pasatu izanak. Etxea, familia, gertuko harremanak, horiek sarri agertzen dira. Eta emakumeen gorputzek ipuin guztiak zeharkatu dituzte. Euli-giroak inguratutako pertsonaiak izanagatik, emakume horiek guztiak subjektu aktiboak dira, hartzen dituzten erabakiek definitzen dituzte narrazioak. Adin guztietakoak ageri dira, gazteena nerabea da, 15-16 bat urte ditu, eta zaharrena, berriz, 80 urte inguruko emakumea da, hilzorian dagoena… Emakumezko pertsonaien sinfonia bat dago; singularitateetatik abiatuta, “gu” bat. Pertsonaiek ere, euren txikian, giro bat eratzen dute.

Zure ustez, ipuinak non behar du indarra, non du gailurra?

Inon ez lasaitzen ahalegindu naiz. Hasierako giroko deskribapena zehatza izan dadin saiatu naiz, baina berdin espazioekin, pertsonaien barne munduekin... Deskribatu ditudan pertsonaiak, etxeak, margolanak... Ondo ezagutzen ditut. Zorroztasuna mantentzen ahalegindu naiz, ezer pasa ez dadin zubi moduan. Tentsio hori ipuin osoan mantentzen ahalegindu naiz.

Bi urteko lanaren emaitza da Euli-giro. Tarte horretan ia egunero idatzi dut, pare bat orduz arratsaldeetan. Ipuin bakoitzarekin bi hilabete inguru joan zaizkit, batez beste.

Denetarik idazten duzu ia, kontakizunak, nobelak, haurrentzako ipuinak, bertsolaria ere bazara. Zer du berezi bakoitzak, denak egin nahi izateko?

Kanpotik begiratuta, gauza ezberdin ugari egiten dudala eman dezake, baina duela bi urte eta erdi kazetaritza lanak utzi nituenetik, bi gauzatan zentratu naiz: bertsoetan eta idazten. Ni bat naiz, baina nire barruan oso jardun diferenteak dira, elkar ukitzen dute, baina ez dira elkarren barruan sartzen. Beti esaten dut aste barruan gehiago naizela idazle eta asteburuan bertsolari, eta udan bertsolari eta neguan idazle.

  23  

Bi urte hauetan Euli-giro proiektu zentrala izan da. Haurrentzako ipuinak parentesi txikia izan dira. Horretara jartzen naizenean ehuneko ehun jartzen naiz, baina arnas txiki moduko bat dira, momentu batean ardatz horretatik irtetea ahalbidetzen didate. Hala ere, ez naiz ipuinen bila joaten. Kotxean joan, eta bat-batean bertso baten bukaera etortzea bezalatsu da. Hortik bertso-sorta egitea erabakitzen duzu, badakizu denboran ez dela luzatuko ahalegin hori. Jolas moduko bat da, bere garrantzi guztiarekin, ez du esan nahi ahaleginik jarri gabe egiten dudanik.

Helduen ipuinak ere jolasak dira?

Ez. Literatura nire pasioa da, eta bizitzeko modu bat ere bai. Beti idatzi izan dut, idazten ikasi nuenetik.

Helduentzat idatzi dudanean batzuetan serioegi jarri izan naiz neure buruarekin. Badakizu jendeak irakurri egingo duela eta ezberdin epaitzen dela, haurrentzat denean ez bezala, euli-giro bat sortzen dela. Dena den, askoz libreago idatzi dut hau, eta lasaiago. Aulki jokoa argitaratu eta hurrengo bi urteetan ezin izan nuen ezer idatzi. Izugarrizko presioa ezartzen nion neure buruari. Urte hartan Txapelketa Nagusia ere jokatu zen, eta oso kanpora begira sentitzen nuen nire burua, besteek zer pentsatuko zuten, inguruak eraman egiten ninduen, jendeak zerbait espero duela adierazten zaizulako, horrek erabat blokeatu ninduen. Erditu nintzenean beldur gehienak uxatu nituen. “Oso denbora eskasa dut niretzat”, esaten nuen neure baitarako, “eta nahi dudana egin behar dut, gero jendeak esan dezala nahi duena”. Alde horretatik, gozatu egin dut. Sorkuntzak dituen momentu onak eta txarrak bizi izan ditut, baina asko gozatu dut. Goiza umearekin pasa, siesta egin, eta neska batek haurra bi orduz hartzen zidanean hasten zen nire momentua: arratsaldeko kafesnea, zigarroa eta idaztea.

Zailena izenburua aukeratzea izan da. Ez dut sufritu. Blokeoa izan dut, haserre egunak, baina ez kanpoko presioaren ondorioz, testuko ezin konponduengatik baizik.

Gorputza oso presente dago zure ipuinetan, eta bertsotan jokatzen duen rola ere aztertua duzu.

Lehenengo emakume belaunaldiak, inkontzienteki gorputza estali zuen, bazekitelako gorputza taulan jarriz gero subordinazioan erortzen zirela. Intelektoan bakarrik lehiatzen garenean dauden aldeak askoz txikiagoak dira. Baina gorputza lehian jartzean emakumearena beti da subordinatua. Oso estrategia ohikoa izan da alor guztietan gorputza estaltzea ,eta egin beharrekoa gizonezkoek bezala egitea. Baina horrek badauzka ajeak, esaterako, gorputzarekin batera denbora luzez estali direla emakumeen sexualitatea, desira, emozioak... Lehen belaunaldiak gorputza estali izanari esker egin zuen aurrera, eta horregatik izan zen posible beste belaunaldi bat sartzea gorputza presenteago zuena. Baina gorputza agerian jartzearekin batera, beste aje batzuk sortzen dira: subordinazioarekin eta generoen arteko dikotomiarekin aurrez aurre topo egiten duzu eta hori kudeatzen ikasi behar duzu.

Ironiaz egindako sailkapenean "drag queenak" eta "panpinak" deitzen diegu bi motei. Badirudi jada posibilitate guztiak daudela oholtzan. Eta ez da hala. Oraindik bertso munduan eta tradizionalki gizonenak izan diren munduan sartzeko bi sarbide horiek daude: drag queenarena, gizonezkoen balore, gorpuzkera, jokaeretan mugitzea, eta bestea patriarkatuan molestatzen ez duen emakumea, panpina. Panpinaren ajea horixe baita, egokitasunaren kortsea, beti egoki kantatu beharra: lotsagabea bai baina lotsagabeegia ez, indartsua bai baina zabarra ez, goxoa bai baina txolina izan gabe, beti oreka horretan mantendu beharra. Bertsotan horrela pasa nituen lau bat urte, eta ikaragarri nekatu nintzen, denbora guztian egoki izan behar horretan.

Zein litzateke hirugarren atea?

Denoi sarbidea emango diguna, ez dagoena gizonezkoen begiradatik neurtua. Bai drag queena izatea eta bai panpina izatea, gizonezkoen munduan onartuak izateko estrategiak dira. Baina

  24  

badakigu denok dugula denetik, inor ez dela drag queen hutsa edo panpina hutsa. Hirugarren atea pertsonarena da. Gizonezkoen kasuan gauza bera gertatzen da, epailea ez baita gizona genero bezala, gizontasun hegemoniko hori baizik. Hor ere gizon asko ez dira eroso sentitzen.

Txapelketa Nagusitik kanpo geratu zinen. Ba al da bizitzarik txapelketaz kanpo?

2011ko Gipuzkoako Txapelketan kanporatu eta nire burua Txapelketa Nagusitik at ikusi nuenean min handia hartu nuen, oso triste egon nintzen. Txapelketa hartan neurriz kanpoko ahalegina egin nuen, gure alabak hilabete zeukan! kolikoak zituen, ez nuen batere lorik egiten, eta ordu laurden neukanean errima margaritak egiten hasten nintzen! Ez zen nire momentua eta nire burua behartu nuen txapelketara joatera, gauza bakarragatik: izugarrizko beldurra niolako erakusleihotik desagertzeari, bertsolaria naizelako eta plazak egin nahi ditudalako. Eta nire bi ofizioetako bat ere badelako. "Bertsoaren festa" eta "oinarria"z hitz egiten da, baina bertsolariok gure ogia dugu jokoan. Bakoitzak txapelketara daraman presioaz ez dugu bertsolarion artean ere hitz egiten.

Beldurra nion kanpo geratzeari eta gerora pentsatu dut "zer ondo hala gertatu izana". Behartu nau egoera errealari aurre egitera, beti mamuekin bizi beharrean. Orain oso pozik nago eta erabaki dut hurrengo Gipuzkoako Txapelketara ez aurkeztea. Ikusi nahi dut benetan zer gertatzen den aurkezten ez banaiz. Ez dut beldurragatik aurkeztu nahi berriz. Momentu batean itzuli behar badut saio gutxi dudalako, jakin nahi dut oposaketa batera noala, ez ditut gauzak nahastu nahi.

Kontziente naiz erakusleiho horretan ez banago beste erakusleiho batzuk landu behar ditudala. Nire indarrak beste proiektu batzuetan jarri nahi ditut. Puntu erantzuna edo zortziko txikiko lanak prestatzea baino gehiago motibatzen nau gaien tratamenduan aurrera nola egin lantzeak, edo nire beste pasioa den literaturarekin uztartzeak... Neure buruari erronkak jarriko dizkiot, baina ez txapelketaren prismatik.

CULTURA

'Kafkaren aulkia' ikuskizunean bi bertsolari eta idazle bat ariko dira Bertsolariak finkoak izango dira -Uxue Alberdi eta Andoni Egaña- eta, lehenbiziko idazleak, M. Agur Meabe, Eider Rodriguez eta Arantxa Urretabizkaia 10.10.13 - 00:07 - DV | DONOSTIA. Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariak, Pello Ramirez musikariak eta hainbat idazlek (Andu Lertxundi, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Oier Guillan, Arantxa Urretabizkaia, Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe, Lander Garro, Itxaro Borda, Jon Sarasua, Iratxe Esnaola, Xabier Mendiguren...) emankizun berri bat jarri dute abian, 'Kafkaren aulkia' izenekoa. Bertsoa eta literatura uztartuko ditu emankizunak. 'Kafkaren aulkia' emankizunean ordu eta erdi inguruko jarduna txirikordatuko dute idazle batek eta bi bertsolarik, Pello Ramirezen txeloaren eta akordeoiaren doinuen gainean. Hitza izango da emanaldiaren ardatza: hitz idatzia eta kantatua, neurtua eta laua, bat-batekoa eta patxadaz hausnartutakoa. Bertsolarien jarduna inprobisatua izango da eta idazleak sorturiko errelatoan txertatuko da hark agindu ahala. Idazleak osatuko du emankizunaren ardatz izango den errelato nagusia, berak hautaturiko genero, molde eta tonuan. Jardunak askotarikoak izango dira, idazle bakoitzaren estiloaren araberakoak: poema-errezitaldiak, ipuinak, hi-tzaldi literarioak, nobela bateko pasarte hautatuak... Bertsolariek pertsonaia literarioen ahotik zein euren ahots propiotik kantatuko dute, narrazioari koloreak, atmosferak eta kanpo-begiradak gehituz. Idazlearen emana eta bertsolarien ekinaldiak txandakakoak izango dira eta, musikariarekin batera, emankizun oso bat eratuko dute. Hasierako egutegia ere plazaratu du Lankuk. Bertsozale Elkarteak sortutako enpresa hau baita 'Kafkaren aulkia' kudeatuko duena. Urriaren 1ean, Bilbon, Miren Agur Meabe ariko da; azaroaren 3an, Ondarroan, Eider Rodriguez; azaroaren 27an, Donostian, Arantxa Urretabizkaia.