Garraio-azpiegiturako politikak eta lurralde eredua Euskal Herriko kasurako aplikazioa
Jakintza-arloa: Ekonomia
Egilea: HELENA FRANCO IBARZABAL Urtea: 2002 Zuzendaria: GOIO ETXEBARRIA KEREXETA Unibertsitatea: UPV/EHU ISBN: 978-84-8438-198-3
Hitzaurrea Tesirako gai hau aukeratu nuenean, hasteko, hainbeste ordu eta ahalegin eskatuko zidan proiektu bat ordura arte eta nire ibilbide akademikoan zehar nire interesgune nagusi gisa identifikatu zitzaizkidan alorretan kokatu behar zela erabaki nuen. Zentzu horretan argi izan nuen Erregio-Ekonomiaren eremuko gairen bat izan beharko zela (alegia, jarduera ekonomikoaren alderdi espazialak jorratzen dituen disziplinaren baitako gairen bat); eta halaber sektore publikoaren esku-hartzearekin loturikoa, izan ere, eta eragile pribatuen jokabidearen analisiaren garrantzia gutxietsi gabe, aitortu behar baitut betidanik egin zaidala erakargarriago botere publikoek merkatuko indarrek gidatutako joera eta emaitzen aurrean hartzen dituzten ekimenei erreparatzea. Biak uztartuz lortu genuen gure ikerketa-eremu orokorra hobeto mugatzea: lurraldearen gainean ondorio zuzenak dituen eskuhartze publikoa. Baina, horrez gain, nire ustez gaiak gaurkotasuna izan behar zuen eta, ahal izanez gero gizartean nolabaiteko interesa izan zezakeen kontu baten inguruan ardaztua egon. Ingurura begiratu eta berehala identifikatu genuen ikergaia izan zitekeena. 90eko hamarkadaz geroztik mendebaldeko herrialdetako gobernuek beren lurraldearen garapenerako aurkezten zituzten politiken barne bi ildo nabarmentzen zitzaizkigun: azpiegitura proiektuak eta metropolien sustapenerako egitasmoak. Testuinguru horretan kokaturik, geure arreta batik bat garraioko azpiegitura-proiektuei zuzentzea erabaki genuen, gauzatzen ari zen eta gure agintariek bultzatzen ari ziren garapen-ereduaren ezaugarri espazialak aztertzeko oso egokia izateaz gain, gure herrian garraio-azpiegiturako proiektu asko zeudelako eraikitze zein plangintza fasean, herritarren artean ikusmina eta eztabaida ugari eraginez. Egindako ikerketak proposamen edota ekarpenen bat egin behar zuela ere esaten zidaten. Tesia egiten nengoenean ez nintzen horretaz gehiegi arduratzen, izan ere nire ahalmen mugatuaz oso konsziente nintzen eta gaiaren analisi txukun eta duin bat egitea besterik ez zen nire helburua. Orain, denborak ematen duen perspektiban esango nuke egindako lanak, bere xumetasunean, ekarpen txikiren bat ere izan zuela, izan ere Euskal Herrian bai garraio-azpiegituren alorrean bai eremu metropolitarren sustapenean burutzen ari ziren egitasmoak modu bateratu batean jorratu baikenituen, haien azpian dagoen logika ekonomiko-politikoa nabarmenduz, bi hitzetan: berrikuntza eta kontrol gune nagusiak bilakatuko diren metropoliak, eta espazio horiek eta gainerako espazioak ere elkarlotzen dituzten konexio eraginkorrak izatea osagai inportanteak direla hazkunde ekonomikoaren eta lehiakortasun gehikorraren agintepean mundu mailako dimentsioa hartu duen ereduaren funtzionamendua ahalbidetzeko. Horrekin batera, eta hausnarketarako ekarpen gisa, beste eredu bat eraikitzeko oinarrizko irizpideak izan zitezkeenak ere mahai gaineratu genituen, funtsean honakoa proposatuz: garapen-eredu horrek oinarritzat jasangarritasuna eta baliabideen erabilera arduratsua eta lurraldearen garapen orekatuagoaren sustapena izan beharko lituzkeela. Duela sei urte, 2002.ean, defenditu nuen tesia. Zoritxarrez orduan esandakoek ez dute gaurkotasunik galdu, horrexegatik lehen bezain garrantzitsua da garapen-ereduari buruzko eztabaidan sakontzea, batzuen eta besteen aukerak eta mugak aurrez aurre ipiniz, eta ikuspegi arduratsu batetik lurraldeari eta ingurumenari bere garrantzia aintzatetsiz.
GARRAIO-AZPIEGITURAKO POLITIKAK
ETA LURRALDE-EREDUA.
EUSKAL HERRIKO KASURAKO APLIKAZIOA
_______________________________
2002ko uztaila
Tesiaren egilea: Helena Franco Ibarzabal
Tesiaren zuzendaria: Goio Etxebarria Kerexeta
i
AURKIBIDEA .........................................................................................................i
ESKER ONAK ..................................................................................................... ix
SARRERA ................................................................................................................1
I. ATALA:
KRISIAREN OSTEKO BERREGITURAKETA
ESPAZIALA: TESTUINGURUAREN EZAUGARRIAK,
JOERA NAGUSIAK ETA IKUSKERA TEORIKO
DESBERDINEN EKARPENAK ....................................................................17
I. KAPITULUA: ESPAZIOAREN AZTERKETA KAPITALAREN
INTERNAZIONALIZAZIO FASE BERRIAN
1. Globalizazioaren inguruko eztabaida......................................................................20
1.1. Ekonomiaren internazionalizazio prozesuaren norainokoa ..........................20
1.2. Globalizazio prozesuaren eragile nagusiak ..................................................24
a) Politika neoliberalen nagusitasuna ...........................................................24
b) Garraio- eta komunikazio-teknologien garapena .....................................25
1.3. Globalizaziorako joeraren ondorioen inguruko hausnarketa........................26
2. Erregulazio-esparru eta -mekanismo desberdinen kokapena
testuinguru berrian ......................................................................................................30
2.1. Estatu-nazioen funtzionaltasunaren inguruan...............................................30
2.2. Estatu-nazioak eta erregioen arteko gatazkaren egoera................................35
2.3. Globala eta Tokikoa......................................................................................42
3. Enpresa Transnazionalak eta produkzio prozesuen mundializazioa.......................46
3.1. Enpresa Transnazionalak eta Estatuak..........................................................46
3.2. Enpresa Transnazionalak eta erregio hartzaileak..........................................49
ii Aurkibidea
II. KAPITULUA: NAZIOARTEKO BERREGITURAKETA
PRODUKTIBOAREN ONDORIO ESPAZIALA
1. Desindustrializazioa eta lurraldearen gaineko eragina ...........................................55
1.1. Desindustrializazioaren kontzeptua: kokapen orokorra ...............................56
a) Definizioen inguruan................................................................................56
b) Desindustrializazioa orokorrean tratatzen duten teoriak..........................57
1.2. Desindustrializazioaren eragin espazialari buruzko azalpenak ....................63
1.3. Gainbeherako erregio industrialei buruzko ohar batzuk ..............................68
2. Hiri-inguruneen protagonismo eraberritua .............................................................74
2.1. Nazioarteko metropoli handiak: dinamismo ekonomikoaren
kontzentrazioa......................................................................................................74
a) Metropoli izaerarekin zerikusia duten ezaugarriak ..................................76
b) Nazioartekoak izatearekin zerikusia duten ezaugarriak...........................78
2.2. Hiri-sistema guneanitzen aukerak ................................................................80
III. KAPITULUA: ESPAZIO ETA GARAPENARI BURUZKO IKUS KERA
TRADIZIONALAK
1. Inbertsioen kokapena..............................................................................................85
1.1. Krisia baino lehen garatutako ikusmoldeak .................................................85
1.1.1. Gizaki ekonomikoaren inguruko hausnarketa....................................90
1.2. Krisiarekin batera agertzen diren ikuspegi teorikoak...................................94
1.2.1. Hurbilketa estrukturala .......................................................................95
1.2.2. Garaiko beste ikuskera teoriko batzuk ...............................................99
2. Aglomerazio-ekonomiak ......................................................................................102
3. Berrikuntzen difusio espaziala..............................................................................107
4. Erregio-garapen desorekatuaren ikuspegia...........................................................110
4.1. Kausazio Metakorraren Teoria ...................................................................110
4.2. Hazkunde Poloen Teoria ............................................................................111
Aurkibidea iii
IV. KAPITULUA: ERREGIO ETA HIRIEN ROLA: BERRIKUNTZA ETA
MALGUTASUNA
1. Aldaketa teknologikoaren rola, hiri- eta erregio-garapenari dagokionez .............115
1.1. Berrikuntzari buruzko ereduak eta eredu espazialak ..................................115
1.2. Metropoli handien gailentasuna goi teknologiako
industria aurreratuenen kokapenari dagokionez ................................................120
1.3. Teknopolo, parke zientifiko eta abarrei buruzko ekarpenak ......................124
2. Malgutasuna, Fordismoa eta Postfordismoaren inguruko eztabaidak ..................126
2.1. Aglomerazioen garrantzia Fordismo osteko testuinguru berrian................126
2.2. Hirien kudeaketan eragindako aldaketak....................................................130
3. Espazio Industrial Berriak ....................................................................................132
3.1. Espezializazio Malgua eta Barruti Industrialen tesia..................................133
3.2. Kaliforniako Eskola: transakzioak eta aglomerazioak................................136
3.3. Elkarmenpekotasun ez-merkantilen garrantzia...........................................138
4. Hiriak mundu-ekonomian.....................................................................................142
4.1. Hiri globala, hiri informazionala, hiri duala...............................................142
4.1.1. Hirien bilakaeraren oinarrian leudekeen arrazoien
inguruko ekarpenak ....................................................................................142
4.1.2. Berregituraketa prozesuak eta dinamika berriek
eragindako ondorioak .................................................................................147
a) Hiri-sistemen gain eragindako aldaketak ........................................147
b) Hiri barnean: disparekotasunen gehikuntza ....................................151
4.2. Sare hiriak...................................................................................................155
5. Berrikuntza Sistema Erregionalak ........................................................................159
5.1. Kontzeptuaren kokapen teorikoa ................................................................160
5.2. Kontzeptuari erabilera praktikoagoa emateko lehen urratsak ....................166
V. KAPITULUA: AZPIEGITURA POLITIKA ETA GARAPEN
EKONOMIKOA
1. Azpiegituren funtzioa erregio-garapen ekonomikoan ..........................................173
1.1. Sarrera gisa .................................................................................................173
a) Azpiegituren izaera publikoa zertan datzan............................................173
iv Aurkibidea
b) Azpiegituren sailkapenak.......................................................................175
1.2. Azpiegiturak eta erregio-garapena .............................................................177
1.2.1. Ikuspegi konbentzionala: kostu pribatuak jeitsiz, lehiakortasuna
gehitu, lurraldearen erakargarritasuna handitzeko.....................................177
a) Azpiegituren efektuak lehiakortasunaren gain................................178
b) Azpiegituren eragina lurraldean......................................................179
c) Duskurtso honen inguruko hasunarketa ..........................................182
1.2.2. Erregio ikuspegi berrien hurbilketa..................................................184
2. Sektore publikoaren eskuhartzea azpiegituren alorrean .......................................189
2.1. Pribatizazio / desregulazioaren inguruan: justifikazio teorikoak
eta benetako ondorioak......................................................................................193
2.2. Azpiegituren finantziazioaren izaera bereziari datxezkion arazoak...........199
2.2.1. Arrisku banaketari buruzko hausnarketa..........................................203
2.2.2. Bidesarien bidezko finantziazioaren inguruan .................................206
2.3. Sektore publikoko maila desberdinen partehartzeaz ..................................208
3. Azpiegituren ingurumen-eraginaz eta inpaktu sozialaz. Garraioari buruzko
perspektiba ekologikoaren kritika ............................................................................213
3.1. Arazo berdin bati heltzeko bi hurbilketa zeharo desberdinak ....................214
3.2. Europako Batasunak gaiari heltzeko hartutako irizpideen
azterketa kritikoa ...............................................................................................217
II. ATALA:
EUSKAL HERRIKO KASUA: GARRAIO-AZPIEGITURAKO
POLITIKEN ILDOAK, PROIEKTU ADIERAZGARRIENAK
ETA BILBO METROPOLITARRA SUSTATZEKO
EGITASMOAREKIKO OSAGARRITASUNA ....................................221
VI. KAPITULUA: EUROPAKO BATASUNEKO ETA ESTATU
ESPAINIARREKO GARRAIO-AZPIEGITURAKO POLITIKEN ILDO
NAGUSIAK
1. Europako Batasunaren garraio-azpiegiturako politika .........................................223
Aurkibidea v
1.1. Azpiegiturak eta garapen ekonomikoaren arteko erlazioari buruz .............224
1.1.1. Batasunaren jarrera nagusia..............................................................224
1.1.2. Lehiakortasuna eta kohesioa: merkatu bateratua, enplegua
eta lurraldea ................................................................................................231
a) merkatu bateratuaz...........................................................................231
b) sare transeuroparrek dakarten enplegu sorrerari buruz ...................232
c) lurraldearen gaineko eraginaz..........................................................233
1.2. Azpiegituren finantziazioaz: elkarte publiko/pribatuen aldeko
aukera eta eztabaida...........................................................................................239
1.3. Essen-en lehenetsitako proiektuen inguruan ..............................................249
2. Estatu espainiarraren eskuhartzearen ildo orokorrak............................................253
2.1. Azpiegiturak eta lurralde-garapena.............................................................254
2.1.1. Abiapuntu gisa: lurralde-ereduaren ezaugarriak...............................254
2.1.2. Azpiegituren eginkizuna, lurralde-antolamendurako
estrategiaren barne......................................................................................261
2.1.3. Hiriarteko garraioaz: jarduketen deskribapen orokorra
eta horretan onarrituriko zenbait iruzkin kritiko.........................................265
2.1.3.1. AGP eta lurralde egituraketa: garapen
kontzentratua / ez kontzentratuaren inguruko hausnarketa. ................266
2.1.3.2. AGP eta kanpo efektuak: ingurumen-eraginaren
inguruko hausnarketa...........................................................................269
2.2. Sektore publikoaren eskuhartzeaz ..............................................................273
2.2.1. AGP eta gainerako administrazio mailen arteko osagarritasunaz ....273
2.2.2. Finantziazioaren auzia ......................................................................275
2.2.2.1. Inbertsio beharrak eta baliabideei buruzko aurreikuspenak ...276
2.2.2.2. Finantziazio eta kudeaketa eredu eta formula desberdinak ....280
VII. KAPITULUA: EUSKAL HERRIKO GARRAIO-AZPIEGITURAK O
POLITIKA
1. Sarrerako gaiak .....................................................................................................289
1.1. Azpiegitura sarearen bilakaerari gainbegiratu historikoa ...........................289
1.2. Euskal Herriko garraio-azpiegitura nagusien aurkezpena ..........................291
vi Aurkibidea
a) Errepide sarea.........................................................................................291
b) Trenbide sarea........................................................................................294
c) Portuak ...................................................................................................296
d) Aireportuak ............................................................................................297
1.3. Ikerlanean Euskal Autonomia Erkidegoaren alde agertzen den
desorekaren zergatia ..........................................................................................298
2. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAEko) garraio-azpiegiturako politikaren
ardatz nagusiak .........................................................................................................300
2.1. EAEn garatutako ildoak, Euskadi XXI plana oinarri hartuta......................300
2.1.1. Aurrekariak: azpiegitura politikaren kokapena, EAEko
gobernuaren plangintza estrategikoaren barne...........................................301
2.1.2. Politika hauen oinarrian dagoen filosofia: azpiegiturak eta
hazkunde ekonomikoaren arteko loturaren inguruan .................................305
2.1.3. Jarduketen deskribapen orokorra......................................................307
a) Egoeraren diagnostikoa...................................................................307
b) Jarduketen deskribapena .................................................................312
2.1.4. Partehartze publikoaren inguruko auziak .........................................317
a) Eskumenen banaketaz .....................................................................317
b) Finantziazioaz .................................................................................318
2.2. EAEko beste zenbait plangintzen ekarpen nagusiei
gainbegiratu azkarra ..........................................................................................322
2.2.1. Euskadi 2000Hiru Ekimena..............................................................322
2.2.2. Garraio plan sektorialak: errepide planak ........................................326
a) EAEri dagozkion errepide planak ...................................................327
b) Araba Osoko Errepide Plana...........................................................332
c) Bizkaiko Errepideen Lurralde Plan Sektoriala................................333
2.2.3. Garraio plan sektorialak: trenbide sarearen lurralde plana...............341
3. Euskal Herriko gainerako lurraldeetako azpiegitura plangintzei buruzko
zenbait azalpen eta iruzkin .......................................................................................344
3.1. Nafarroako Errepideen Gida Plana 1998-2005 ..........................................345
3.1.1. Planaren kokapen orokorra: aurrekariak eta testuingurua................345
3.1.2. Nafarroako errepide-ardatz estrategikoak ........................................347
Aurkibidea vii
3.1.3. Planaren elementu nagusien deskribapena .......................................350
3.2. Finantziazio ereduen inguruko eztabaida: Iruñea-Logroño eta
A-15 autobideen adibideak ................................................................................353
3.2.1. Iruñea-Logroño autobidea ................................................................354
3.2.2. A-15 autobidea .................................................................................355
3.3. Pirinio arteko ahalmen handiko errepidea: azpiegitura proiektu handien
inguruan sortzen diren gatazka eta ziurgabetasunaren adibide..........................358
VIII. KAPITULUA: GARRAIO-AZPIEGITURAKO ZENBAIT
PROIEKTU ADIERAZGARRI ETA BILBO METROPOLITARRA
SUSTATZEKO EGITASMOAREKIKO LOTURA
1. Sarrera gisa: Metropolien sustapena, erregio- garapeneko politiken
ardatz garrantzitsua...................................................................................................367
2. Euskal Herriko hiri-sistema ..................................................................................373
2.1. Hurbilketa historikoa ..................................................................................373
2.2. Euskal hiri-sistemaren ikuspegi orokorra ...................................................374
2.3.Hiri/metropoli nagusienen ezaugarri orokorrak...........................................378
3. Euskal Herriko hiri-sistemaren gaineko jarduketa publikoa.................................381
3.1. Zenbait egitasmoei gainbegiratu azkarra: EAEko Lurralde
Antolamendurako Artezpideak, Baiona-Donostia Euskal Eurohiria
eta Nafarroako jardunbidea................................................................................382
3.2. Hausnarketak eta iruzkinak.........................................................................387
4. Bilbo metropolitarraren inguruan ardaztutako proiektua......................................389
4.1. Proiektuaren ildo nagusiak .........................................................................389
4.2. Proiektua bideratzen duten eragile eta bitartekoak.....................................393
5. Garraio-azpiegiturako proiektu adierazgarrien azterketa......................................395
5.1. Abiadura Handiko Trena Euskal Herrian ...................................................397
5.2. Eibar-Gasteiz autobidea..............................................................................415
5.3. Bilboko Aireportua .....................................................................................426
5.4. Bilboko Portuaren Zabalkuntza ..................................................................433
5.5. Bilboko Metroa...........................................................................................444
6. Hausnarketak eta iruzkinak...................................................................................452
viii Aurkibidea
6.1. Egun sustatzen ari den lurralde-ereduaren mugak......................................452
6.2. Bilbo ardatz gisa hartzen duen ereduaren inguruko iruzkinak ...................455
6.3. Azpiegitura politikaren birplanteamendua, garapen ereduari
buruzko eztabaida orokorraren barnean ............................................................457
ONDORIO NAGUSIAK .................................................................................463
ERANSKINA ......................................................................................................507
1. Mapa: Sare transeuroparrak (Europako lehentasunezko proiektuak)............509
2. Mapa: 1993-2007 Azpiegituren Gida-Planaren AHT egitasmoa ..................511
3. Mapa: Ahalmen handiko errepide sarearen bilakaerari buruzko
aurreikuspenak 1993-2007 AGPren arabera .....................................................513
4. Mapa: Euskal Herriko errepide sare nagusia.................................................515
5. Mapa: Euskal Herriko trenbideak..................................................................517
6. Mapa: Euskal Herriko AHT proiektuen eskema ...........................................519
BIBLIOGRAFIA ...............................................................................................521
ix
ESKER ONAK
Tesiak behin burututa ohikoa izaten da lan honek iraun duen bitartean inguruan
izan ditugun kide eta lagunei esker ona adieraztea. Gehienetan ez da lan samurra
izaten, lotsa moduko bat eta benetan aipatuak izatea merezi dutenak ez ahazteko
ardura nahasten zaizkigulako. Ezin da ukatu, bestalde, sakon-sakonean sentitzen
ditugun eskerrak eta bestela nekez adieraziko genituzkeenak bideratzeko aukera ezin
hobea jartzen digutela eskura.
Goio Etxebarria tesi zuzendaria baino askoz gehiago izan da. Eskuartean duzun
emaitzara eraman gaituen bide interesgarri bezain aberasgarrian bera izan dut bidaide
(egia esateko, sarritan gidari ere). Ikuspegi akademikoagotik begiratuta funtsezko
ekarpen eta iruzkinak jaso ditut berarengandik, beti modu baikorrean eta nire lan
erritmo eta iritzi propioak errespetatuz. Konfiantza eta zintzotasuneko giro batean
elkarlana eta, are gehiago, tesia egiten egoteak dakarren presio izugarria
eramangarriagoa egin zait bere ondoan.
Ekonomia Aplikatua I Sailari tesi hau egiteko orduan eskaini eta sentiarazi
didan askatasuna eskertu nahi nioke bereziki; ikerlarioi gaiak zein gaiei heltzeko
moduak aukeratzeko orduan agertutako errespetua, bere eginkizuna gutxieneko
baldintzak betetzen direla ziurtatzera mugatuz. Laguntza eskatutakoan inolako
trabarik ez eta, aitzitik, laguntzeko jarrera ona izan da beti aurkitu dudana. Kide asko
aipatu beharko nituzke; dena den bidezkoa iruditzen zait denen izenean Mikel
Zurbanori Saileko zuzendariari helaraztea esker ona, berak ezin hobeto ordezkatzen
baitu Sailaren eguneroko jardunaren bereizgarri den filosofia aske eta ireki hori.
Eskerrak eman behar dizkiet halaber Donostiako Sekzioko lagunei, ia egunero eta
sarritan kafe baten aitzakian beren berotasuna eta animoak sentiarazi dizkidatelako.
x
Lankide askorengandik jaso ditut ekarpen, ideia berri eta iritzi interesgarriak,
gaiari buruzko nire ikuskera osatu eta aberastu dutenak. Mikel Gómez Urangak
antolatutako mintegiak ingurune aparta bilakatu dira eginkizun horretan. Cardiff-eko
Unibertsitateko egonaldiak funtsezkoak izan ziren Erregio-Ekonomiarekiko nuen
interesa sendotzeko eta berebat tesiaren gaia eta ikerkuntzaren ildo nagusiak
finkatzeko. UEUko (Udako Euskal Unibertsitateko) Ekonomia Sailari ere zor diot
leku bat esker onen artean; ez da gehiegi esatea bere kideek tesi honek izan duen
bilakaera gertu-gertutik jarraitu dutela, udako ikastaldiak ematen digun aukeraz
baliatu baikara denon artean eta behin baino gehiagotan tesiko atal desberdinen
inguruko azalpen eta hausnarketak egiteko.
Laguntza “teknikoagoa”ri buruz Txus Ortells eta Josemari Zendoia aipatu
behar ditut derrigorrez. Informatika kontuetan oraindik nahiko hankamotz dabilen ni
bezalako batentzat funtsezkoak izan dira eurek biek eman dizkidaten “ikastaro trinko
partikularrak”, lehenengoak formatu eta estilo kontuetan, bigarrenak mapak egiteko
teknikaz.
Mila esker orobat neure lanarekiko interesa behin eta berriro adierazi eta
momentu baikorretan ez ezik makalagoetan ere adorea eta kemena helarazi didazuen
lankide eta lagun guztioi.
Tesia egitera bai, baina are ekonomilari izatera ere bultzatu nauen
motibazioaren arrazoi izan zaretenok ere merezi duzue aipamen txiki bat. Zentzu
orokorragoan, mundu eta herri hobe baten aukera posible izateaz gain etorkizun hori
pertsonen esku dagoela pentsarazi eta sinestarazi didazuenok. Inguru hurbilagoan,
nire gurasoak, maitasunez blaitutako giro batean, jarrera konformistak saihestu eta
ikuspegi kritiko batean eta gizartearekiko konpromisoan hezi gaituzuelako.
Rober eta Kermanentzat gorde dut azken paragrafo hau. Tesia egiten emandako
denbora luzean nire ondoan izan zaituztedalako, geure bizimodua antolatzeko orduan
tesiari loturiko lanetan murgilduta egoteak zekartzan mugak aurpegi onez onartu
dituzuelako, zuen maitasun eta bizi-pozarekin umore txarrak, nekeak, kezkak
uxatzen lagundu didazuelako, eskerrik handienak.
SSAARRRREERRAA
3
SARRERA
Gure ikergaia aurkeztuz
Tesi honen azken xedea egun sustatzen ari diren garraio-azpiegiturako
politikak eta horien azpian dagoen lurralde-ereduari buruzko azterketa sakona egitea
da.
Azpiegiturek, oro har, protagonismo ikaragarria hartu dute azken hogei
urteetan mendebaldeko herrialde industrializatuetan. Gobernu desberdinek beren
lurraldearen garapenerako aurkezten dituzten politiken barne, azpiegiturak lehen
mailako tresna bilakatu direla esatea ez da inolako gehiegikeria; garapena sustatzeko
bidean beharrezko diren baldintzen eta gisakoen inguruan duten diskurtso zabalagoaz
harago, proposatzen dituzten eskuhartze-neurri eta ekimen zehatzei begiratu besterik
ez dago horretaz jabetzeko. Hori izan da, hain zuzen ere, gure jakinmina piztu duena
eta eskuartean duzun ikerketa hau gauzatzera eraman gaituena.
Eginkizun horretan bi alderdi izan ditugu hasieratik kontuan: batetik,
azpiegituren inguruan ardaztutako politika hauek egokitu zaien garaian eta
testuinguruan kokatu eta ulertu behar direla; eta bestetik, edozein bestelako politika
bezala, ez direla eta ezin direla neutroak izan, ez beren helburu ezta ekarriko dituzten
ondorioei dagokienez.
Bistan da egungo eskuhartze publikoko ekimen guztiak globalizazio eta
liberalizazio joerak nagusi dituen garai batean kokatzen zaizkigula. Zentzu honetan
produkzio mailan eta, oro har, arlo ekonomikoan gertatzen ari den berregituraketak
espazioaren definizio eta antolaketa mota desberdin bat du beharrezko; azpiegitura
politika osagai garrantzitsua bilakatu da krisiaren ostean eta kapitalaren beharren
arabera itxuratzen ari den espazio berri hori lortzeko bidean.
Mundu mailako berregituraketa horretan, eta berarekin dakarren Nazioarteko
Lan Zatiketa Berrian, mendebaldeko herrialdeei egokitu zaien funtzio nagusia
honakoa da: berrikuntzarako eta kontrolerako gune izatearena. Horren ondorio
espaziala argia da: hiri/metropolietan kontzentratutako ereduak bultzatuko dira, aldi
4 Sarrera
berean mundu mailako gune nagusien artean konexio eraginkorrak bermatuz.
Azpiegitura politikak berregituraketa honetan guztian duen funtzionaltasuna
eta, bidenabar, mugak ere aztertzeko asmoz egin dugu eskuartean duzun ikerlan hau.
Azpiegituren alorra zabalegia izaki, arreta garraiokoei zuzentzea erabaki
dugu; telekomunikazioko azpiegiturekin batera hauek dira garapen ekonomikoarekin
lotuen daudenak. Hala ere, gure kasuan garraioko azpiegituren alde egin dugu arrazoi
desberdinengatik: 90eko hamarkadan Europako, estatuko eta euskal administrazioen
garapen planetan garrantzi ukaezina izan dutelako; erregio-gobernuek duten
eskumenak handiagoak diren neurrian sektore publikoaren konplexutasunaz aritzeko
aproposagoak iruditu zaizkigulako; lurraldearen gain eragiten dituen ondorioak askoz
ageriagoak izatean horiei buruzko hausnarketak egiteko aukera paregabea ematen
dutelako. Esan dezagun, gehiago zehaztearren, merkantzien eta pertsonen
mugikortasuna erraztea helburu duten azpiegiturez arituko garela, kanpo utziz izaera
espezifikoko beste gai batzuen garraiorako diren bestelako azpiegiturak, energia
edota uraren ustiapen eta banaketarekin lotuta leudekeenak).
Ikergaia denbora eta espazioaren aldetik ere mugatu dugu neurri batean.
Horrela, eta aurreko urteei buruzko aipamen bat edo beste egiten bada ere, 90eko
hamarkada hartu dugu erreferentzia nagusitzat. Lurraldeari dagokionez, Euskal
Herria ren gaineko politika eta egitasmoak aztertu nahi izan ditugu; baina praktikan,
lurraldeetako batek (hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoak) gainerakoek
baino protagonismo handiagoa hartu du, errealitate administratibo zatikatuak lurralde
osoa modu orekatuan jorratzea oso zail egiten duela kontuan izanda, zenbait
irizpidek bultzatu gaituzte horren alde egitera, adibidez: berregituraketa eta garapen
eredu berriagoak bultzatzeko ahaleginak berton garrantzitsuagoak direla, Euskal
Herriko metropoli nagusia (Bilbo) berton kokatua dagoela, sektore publikoari
buruzko alderdi eta gatazka gehiago jorratzeko aukera ematen duela.
Hortaz, gure ikerketaren helburua izan da honako hipotesiak gure errealitate
hurbilenean egiaztatzea edo, aldiz, zalantzan jartzea:
� Azpiegitura politikek egun kokatze eta garapen ekonomikoaren alorretan
nagusitzat hartzen diren joerak (hots, nazioarteko esparrua eta tokikoa
Sarrera 5
sustatzea) gauzatzen eta indartzen laguntzen ote duten. Eskuhartzeko orduan
lehentasunak non finkatzen diren ikustea (zein azpiegitura motak, zein
lurraldeetan, bideratutako inbertsioen muntak) lagungarri izan daiteke
eginkizun horretan.
� Lurralde bat kanpoarekin hobeto komunikatua dagoen neurrian inbertsioak
erakartzeko gaitasun handiagoa izango du; eta, are gehiago garapen ardatz
diren horietan txertatzea lortzen badu. Halere, beste galdera bat izango litzateke
ea hori zein puntutaraino nahikoa den lurralde horren garapena sustatzeko eta
beraz, zeintzuk izango liratekeen harekin batera abiatu beharreko neurri eta
ekimenak.
� Aurrekoarekiko osagarri izango litzateke arestian aipatutako lurralde hori
zein den aztertzea; hots, azpiegitura nagusi eta garrantzitsuenak erregio osoaren
garapen espazial orekatuagoa bultzatzeko tresna izango ote diren edo, aitzitik,
batik bat metropoli jakin bat sustatzeko helburua izango duten. Azken kasu
honetan eredu kontzentratu horrek gainerako lurraldean izan ditzakeen
bestelako ondorioak ere hartu beharko lirateke aintzakotzat.
� Finantza-bideez ere aritu beharko gara gure ikerlanean. Puntu honetan
alderdi interesgarrienetakoa aspaldion azpiegituren finantziazioari dagokionez,
eta uhin neoliberalaren babesean, izandako aldaketa filosofiko-teorikoa eta
praktikoak aztertzea izango da, aldaketa hauek izan dezaketen eragin espaziala
ere baloratuz (sektore pribatuaren partaidetza bilatzeak errentagarritasuna lehen
mailako irizpide bilakatzen baitu, horrek dakartzan arriskuekin).
Finantziazioaren inguruko kontu hau guztia sektore publikoak jarduera
ekonomikoan izan behar duen paperari buruz dagoen eztabaidarekin erabat
uztartua dago, desregulazio eta pribatizazioaren inguruko eztabaidarekin,
alegia.
� Sektore publikoaren baitan sortzen zaigun beste kontu bat maila
desberdinek proiektatzen dituzten jarduketa-ildoen arteko osagarritasuna edo,
aldiz, kontraesanak baloratzea litzateke, garapen politiken inguruan
adostasunik ote dagoen kontrastatzeko. Honi lotuta eskumenen gaia daukagu,
6 Sarrera
hau da, egiazko erabaki-ahalmena non kokatzen den aztertzea eta ea
administrazio maila desberdinen artean tirabirarik sortzen den arazo hau dela-
eta.
� Administrazioak gainerako eragile sozial eta ekonomikoen partehartzea
nola bideratzen duen eta horiekiko akordioak eta konpromisoak hartzeari buruz
agertzen duen jarrera ere izango dugu aztergai.
Metodologiari buruzko zenbait azalpen
Azterketa egun Erregio-Ekonomiaren alorrean garatzen ari diren joera berri
nagusien haritik bideratu nahi izan dugu. Ekarpen hauek, hipotesi neoklasikoetan
oinarritutako eredu formalizatu matematizatuegiek espazio errealean izaten diren
ezaugarri, bilakaera eta aldaketak azaltzeko dituzten muga nabarmenez jabeturik,
ekonomiaren ikuskera sozialagoa ez ezik multidisziplinarragoa ere eskaintzen dute,
kuantifikatzen askoz zailagoak (edo ezinezkoak) diren osagaiaz barneratuz, beraz.
Zentzu honetan, sareen bidezko hurbilketa oinarrizkoa gertatuko da egingo
ditugun hausnarketa eta iruzkinak kokatzeko. Kontzeptu horrek aukera ematen du,
jakina, guri interesatzen zaigun alorraz aritzeko, hots, izaera fisikoagoa duten
konexio moduez jarduteko; baina, berebat barne sareez aritzeko, hots, kooperazioko
sareez, ukiezinagoak direnak, sistemako agente desberdinen artean informazioa
modu jariakor eta eraginkorrean bideratzeko funtsezkoak eta espazio edo gune
berriztatzaile bat eratzeko ezinbestekoak.
Kooperazioko sare hauek gutxietsi gabe, gure ahaleginak azpiegitura sare
fisikoagoetara bideratuko ditugu. Pertsonen, informazioaren eta merkantzia eta
lehengaien fluxua ahalbidetzen duten kanalak dira; lurralde edo hirigune desberdinak
elkarrekin konektatuz (bai lurralde bat mundu mailako testuinguru zabalagoarekin
bai espazio erregional beraren barnean azpi-eskualde desberdinak lotzen dituztenak).
Esan gabe doa garraio-azpiegiturak sare fisikoago hauen taldean sartzen
zaizkigula, nahiz eta horrek ez duen esan nahi horien harira berrikuntza, informazio,
Sarrera 7
kooperazio eta antzeko gaiei buruzko alderdiak agertuko ez direnik. Mugak inoiz ez
dira erabat argiak eta lurralde baten garapenaren ikuspegitik sare mota biak
garrantzitsuak badira, helburu, norabide eta garapen ereduari buruzko gizarte-akordio
zabal bat erdiestea komenigarria izan beharko da, osagai guztiak barnean bilduz.
Izan ere, geure ustez, kanpo sareen eta barne sareen konfigurazio jakin batek
determinatzen du erregio-garapeneko prozesu bat; zentzu honetan, barne sareak
kanpo sareen menpeko izango dira, baina kanpo sareak ere izango dira barne sareen
menpeko. Hortik hurrengoa ondoriozta dezakegu: kalitate eskaseko azpiegitura sarea
izateak erregioaren barne garapenerako baldintza egokiak sortzeko oztopo izango da,
baina horrela ere soilik barne garapenerako gaitasuna dagoenean izango da posible
kanpo azpiegituren sarea hobetu eta hedatzea.
Tesi honetan abiatu dugun azterketa (alegia, egun martxan dauden garraio-
azpiegituretako egitasmoek Euskal Herrian sortuko lituzketen kanpo sareei
buruzkoa) proiektu handinahiago baten lehen urratsa izan daiteke, hortaz. Horrekin
batera eta modu osagarrian, gure lurraldean dauden edota gara daitezkeen barne
sareak kontsideratu beharko lirateke, proiektu horiek gure etorkizun ekonomikoan
izan dezaketen eragina bere lekuan kokatu ahal izateko.
Egia da, edonola ere, geure kasuan barne sareen alorra sakontasunez jorratu
gabe geratu zaigula; eta, horrela, zenbait kontu aurreratu ditugun arren, ziurraski
etorkizunean beste ikerlan batzuetan heldu beharko zaio ildo horri, besteak beste,
honakoei kasu emanez: kooperazioko barne sarerik egotekotan non dauden
(lurraldean uniformeki sakabanatuak aurkitzen diren edo, aldiz, zenbait hiriren
inguruetan); beren garapena sustatu behar bada, zein eremutan eta nola; hirigune
jakin baten alde eginez gero euskal egitura ekonomiko orokorrean nola txertatzen
den ikusi beharko litzateke eta proiektatzen diren azpiegituren kanpo sareek zentzu
horretan laguntzen ote duten.
Tesian aurreratu nahi izan dugunez, badirudi agintari politikoek Bilboko
esparru metropolitarraren aldeko apustua egin dutela Euskal Herri mailako
nazioarteko metropoli eta espazio berriztatzaile nagusi bat sustatzeko orduan. Berton
garatzen ariko liratekeen informazio, ezagutza, kooperazio, konfiantza sareak ahal
8 Sarrera
den neurrian identifikatu eta aztertzetik jo beharko luke lan honen jarraipenak;
horrela kanpo sare eta barne sare horien artean litezkeen osagarritasunak aztertzeko.
Metodologiaren inguruko atal honi bukaera ematen joateko, esan dezagun
azpiegitura politiken inguruan azaldu ditugun joera eta alderdi desberdinak guregan
ere gertatzen ari diren egiaztatzeko lanean, bi bitarteko mota nagusi erabili
ditugula:
� Batetik, administrazio maila desberdinek argitaratutako zenbait plangintza
eta txosten, Europako Batasunak diseinatutakoetatik hasiz eta bai estatu
mailan bai Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan edota Foru-Aldundien
eskutik egindakoekin jarraituz; eta bestelako instituzioren batek diseinatutakoei
buruz ere aipamen eginez, ikerketa aberasteko baliagarriak baldin badira.
Hauen diagnostikoak zenbait puntu nagusiri buruzko informazioa eskaini
beharko digu, esate baterako: garapen politiken ardatzak zeintzuk diren, zein
proiekturi ematen zaion lehentasuna, finantziazioa nondik datorren, erakunde
publiko, pribatu edota mistoen betekizuna proiektu horien jarraipen eta
kudeaketan, etab.
� Bestetik, hemerotekaren jarraipen estua, txostenetan jasotako ekimen
horiek nola gauzatzen eta garatzen diren ikusteko; sarritan hasiera bateko ideia
eta benetan egiten denaren artean alderik egoten delako, eta horrek informazio
gehigarria eman diezaguke politika horien azpitiko helburuez.
Zalantza barik, ikerlana osatuagoa geratuko litzateke abian jarritako
egitasmoek sorrarazitako ondorio eta emaitzei buruzko ebaluaketa kuantitatiboagoa
erantsiko bagenu. Ez dugu egin, oinarrian bi arrazoi direla medio: lehenengoa,
nazioarte mailan oraindik ere berri samarrak diren joerez ari garela, Euskal Herrian
orain denbora gutxi gauzatzen ari direnak eta beraz, hainbat alderditan bilakaera
prozesuan eta burutu gabeak; hortaz, goizegi iruditzen zitzaigun, politika hauen (eta
horien atzean antzeman daitekeen planteamendu orokorraren) emaitzak ongi neurtu
eta baloratu ahal izateko. Horrek ez du esan nahi egin behar ez denik, eta horren
harira dator bigarren arrazoia: egitekotan gaiak daukan zabaltasun osoan egin
beharko litzateke, alegia, errazago neurtu daitezkeen adierazle esanguratsuekin
Sarrera 9
batera informazio kualitatiboagoa eskain dezaketen beste bide batzuk ere jorratuz,
espazioaren ikuspegitik eremu murritzagoak eta zabalgoak konbinatuz, etab. Lan
handia, bitarteko ugari eskatzen duena eta tesi honen helburuak gainditzen dituena
(eta zer esanik ez gure ahalmen mugatua). Etorkizuneko ikerkuntza-proiektu
zabalago batentzat, ordea, bide biziki interesgarria uzten dugu zabalik.
Tesiaren egitura: atalen eta kapituluen aurkezpena
Gaiari heltzeko orduan bi atal nagusi bereiztea erabaki dugu. Lehenengoan
garraio-azpiegiturako politikak aztertu ahal izateko funtsezkoak iruditu zaizkigun
osagai desberdinak jorratu ditugu, ondoren horietan oinarriturik bigarren ataleko
kapituluetan egungo politiken norabideak, ezaugarriak eta joerak aurkeztu eta honen
inguruan hausnarketak egiteko moduan egoteko.
Lehenengo Atalean bost kapitulu aurkituko ditu tesi hau eskuartean
darabilenak. I. eta II. Kapituluetan ingurunearen ezaugarrietaz mintzatuko gara, hots,
globalizazio garaian lurraldeek eta, oro har, espazioak hartzen duen esanahi berriaz;
III. eta IV.ean Espazio eta Garapenaren arteko lotura aztertu duten ikuskera
desberdinei leku egingo diegu; eta V. Kapituluan espazioaren garapen eta
berregituraketaren kontu honetan guztian azpiegiturek betetzen duten funtzioaren
inguruko hausnarketa eta hurbilketak ekarriko ditugu mahai gainera.
Mendebaldeko ekonomia kapitalistetan azpiegituren ezarrera (eta hauekin
loturik, hirien sustapenerako egitasmoak) izan dira 90eko hamarkadako garapen
politiken izarrak. Lurralde baten lehiakortasuna gehitzeko helburuaz planteatu ohi
diren politika hauek testuinguru-baldintza jakin batzuetan kokatu eta ulertu behar
ditugu.
I. Kapituluak abiatuko du horren inguruko hausnarketa. Globalizaziorako
joera bizkortu egin da azken hamarkadetan eta, horrela, kapital transnazionalen
interesek gidaturik mundu-ekonomia gero eta gehiago errealitate bihurtzen ari zaigu.
Pertsonen eta ondasunen mugikortasuna inoiz baino garrantzitsuagoa da eta berebat
informazioaren transferentzia edota elkartrukea.
10 Sarrera
Irisgarritasuna garapen ekonomikorako funtsezko osagai bilakatzen da, beraz.
Eta iristeko erraztasun hori toki jakin baten zentralitate geografikoarekin baino
gehiago nazioarteko eta erregioko kokagune ekonomiko nagusienekiko lotura fisiko
(azpiegiturak) egokiagoak eta azkarragoak edukitzearekin egongo litzateke
erlazionatuta. Horrela ere garraio-azpiegitura berriekiko lotura eraginkorrik gabe
geratzen diren lurraldeek arazoak izan ditzakete garapen ekonomikoari begira.
Ekonomia “global” horretan, lehia gero eta gehiago ezagutza eta ikaskuntzan
oinarritutakoa bilakatzen ari den heinean, erregio eta toki-espazioak interesgarriak
izan daitezke kapitalarentzat, izan ere ezagutza berriaren sorkuntza eta informazio
egokiaren prozesaketarako gaitasuna eta etengabeko berrikuntza eta
egokitzapenerako ahalmena neurri handi batean lurraldean txertatutako osagaien
araberakoa baita. Garapen politiken helburua, hortaz, berton txertatuta dauden
potentzialitate endogeno horiek sustatu eta ahalik eta hobekien erabiltzea izango da.
Aurreko guztiari loturik, erregulazio esparru eta mekanismo desberdinei
panorama berrian egokituko zaizkien funtzioei buruzko gaiaren inguruan ere
jardungo dugu lehen kapitulu horretan. Estatu-nazioari dagokion ohiko esparruarekin
batera gero eta indar handiagoaz azaleratzen ari zaizkigun nazioarte mailakoa zein
erregio mailakoa ere hartu beharko ditugu aintzakotzat.
Ekonomiaren nazioarteratze gehikorraren eskutik merkatuko lehia nabarmenki
areagotu da, eta lehia bortitz horren atzean gertatuko dira doikuntza eta
berregituraketa industrialeko prozesuak. Berregituraketa eta lurraldeen arteko erlazio
horretaz jardungo du II. Kapituluak .
Mendebaldeko herrialde industrializatuei dagokienez produkzio-egituran
eraldaketa sakonak gertatuko dira. Orain gutxi arte ekonomiaren oinarri izan diren
industri tradizionalek pisua galduko dute nabarmen, garapen bideko herrialdeetako
kostu-baldintza hobeen aurrean lehiarako zailtasun itzelak izango baitituzte.
Ondorioz, herrialde hauetan lehiakortasunari eutsi ahal izateko balio erantsi altuko
goi mailako jarduerek gero eta garrantzi handiagoa lortu beharko dute haien
produkzio-egituretan.
Sarrera 11
Goi teknologiako industria berriak eta produkzio-zerbitzu aurreratuak dira,
zentzu horretan, herrialde hauetako produkzio-sistemen espezializaziorako zutabe
nagusi gisa aurkezten zaizkigunak.
Testuinguru berrian, eta esandakoaren ondorioz, hiriak indartuta agertzen
zaizkigu eta beraz hirien arteko eta hiriekiko konexio eta komunikazio bide
eraginkorrak izatea nahitaezkoa bihurtzen da lurralde baten garapenerako.
Testuinguru orokorraren bereizgarri behinenak aurkeztu ondoren, lurralde-
ereduak eta bereziki kontzentrazioaren abantailak eta desabantailak, mugak eta
ondorioak azaldu eta aztertu dituzten ikuspegi teoriko desberdinei helduko diegu III.
eta IV. Kapituluetan.
Gure interesgunea Erregio-Ekonomiako teoria eta ekarpen berrienek osatzen
duten arren horrek ez du esan nahi aurreko ikuskerak arbuiatzen ditugunik. Aitzitik,
III. Kapituluan jaso ditugu ekarpen tradizionalagotzat har daitezkeenak, izan ere,
egungo ekarpen berriagoek neurri handi ala txikiagoan horietatik edaten baitute eta,
hortaz, orduan garatutako ideia eta kontzeptu asko, modu gaurkotu eta egokituan
bada ere, agertzen zaizkigu oraingoetan ere.
Dena den, IV. Kapituluan , teoria berriek eskaintzen dizkiguten argudio,
kontzeptu eta elementu desberdinetara joko dugu eta hortik azterketarako nahitaezko
iruditzen zaizkigun bi zutabe barneratuko ditugu analisian: berrikuntza eta sareak,
egun mendebaldeko ekonomien garapenerako funtsezko osagaiak direnak.
Berrikuntzaz jardutean azpimarratzen zaigunez, ezagutzaren osagai asko
espezifikoak eta tazitoak izaki, oso errotuta daude antolakunde eta toki
espezifikoetan. Horregatik gizabanako edota enpresen ikaskuntza gaitasuna
merkatuetako lehian aurrera egiteko nahitaezko izango den bezala, horrela ere
erregioen ikaskuntza gaitasuna funtsezkoa bilakatuko da beren lehiakortasunerako.
Lan indarrak, enpresa-ehunak, zientzia eta teknologi erakundeek, bestelako
antolakundeek eta beren arteko harremanen izaerak eragin zuzena izan dezakete
ingurune berriztatzaile baten garapenerako aukerak eskaintzeko orduan. Hiri-
ingurune aurreratuek (metropoliek) izango dute posizio pribilegiatuena.
12 Sarrera
Garapen politiken helburua erregio edota toki mailako espazioan txertatuta
dauden berrikuntzarako gaitasunak sustatu eta ahalik eta hobekien erabiltzea izango
da. Hortik pentsa liteke erregio edo nazio historikoei beren garapenerako bide bat
zabal lekiekeela egungo erregio-politiken eskutik; edota garapen eredu orekatuagoak
lor litezkeela atzeratuago leudekeen lurraldeen potentzialitate endogenoak suspertu
eta sendotuz gero.
Alabaina, errealitatean beste norabide batzuetatik abiatzen ari dira politikak eta
beren ondorioak. Egungo testuinguru neoliberalean merkatuko indarren eta
lehiakortasunaren aginduetara diseinatutako politikak izaki, garapen-potentzial eta
jadanik lehiakortasun handiena eskaintzen dituzten toki-espazioei emango diete
lehentasuna, hots, hiri-aglomerazio eta eremu metropolitarrei.
Hirien arteko harreman jariakorrak gauzatzeko bidea ematen duten sareak gero
eta beharrezkoagoak bilakatzen ari dira, hiriek eurek duten protagonismo eraberritua
dela eta. Zentzu horretan aparteko garrantzia hartuko luke abiadura handiko garraio
sistemen garapenak (airezko, errepidezko edota trenezkoak), baita
telekomunikazioenak ere. Azpiegiturak eta garapen politiken arteko auziari helduko
dio V. Kapituluak ; azpiegitura politikei buruz, lurralde-garapenarekiko duten
erlazioan sakontzen duten ikusmolde konbentzionalagoak eta berriagoez gain, egun
alor honetan azaleratzen diren bestelako alderdi batzuk ere aipatuko ditugu, esate
baterako, partehartze publiko eta pribatuaren ingurukoak edota, maila txikiagoan,
ingurumenari buruzkoak.
V. Kapitulu honetan bertan nabarmen bistaratuko zaigu azpiegitura politikak
eta metropolien sustapenerako politiken arteko uztarketa; izan ere: lurralde baten
garapenerako, berrikuntza gaitasunerako baldintza endogeno egokiak sortu eta
horietaz baliatzeko kanpo zein barne mailako konexioak funtsezkotzat agertuko
zaizkigu; eta aldi berean egungo azpiegitura proiektuen zergatiak metropoli nagusi
baten garapenarekin lotuta daude maila handi batean.
Gure hausnarketan, jakina, beste autore batzuek egindakoetatik jaso baina
horien irakurketa propioa egingo dugu kasu askotan. Halaber, bestelako osagai
batzuk ere izango ditugu aintzakotzat, politiken balorazioa ezin baita egin haien
Sarrera 13
azpian dauden balore eta jarrera ideologikoei aipamenik egin gabe. Sektore
publikoaren paperaz, garapen ereduez, gizarte-antolaketa moduez, lurraldeari buruz
eta abarrez ditugun irizpideak ez ditugu alde batean utziko horretaz jarduteko orduan.
Honaino iritsita argi samar hauteman dezakegu egungo politiken ardatzek zeri
erantzungo lioketen: lehia-testuinguru latz batean gobernuek beren aginte esparruko
lurraldearen erakargarritasuna handitu nahi izango dute, horretarako kapital handien
interesek gidatutako merkatu joera nagusiei men eginez eta ondorioz eremu
metropolitarren hazkunde eta garapena sustatuz (jarduera eta dinamismo
ekonomikoaren kontzentrazioak eskaintzen dituen abantailak ustiatu ahal izateko),
horrek halabeharrez hiri handi horiek munduaren enparauarekin ondo konektatuko
dituzten azpiegitura-sare eraginkorrak eratzea eskatzen duelarik ere.
Horrela, eta jada Bigarren Atalean, nazioarte mailan nabarmentzen diren joera
horiek guregan ere gertatzen diren aztertzeari ekingo diogu, hots, Euskal Herriari
dagokionez berton bideratzen ari diren garraio arloko azpiegitura politikak norabide
berorretan doazen ikustea eta horrek ekarriko lituzkeen ondorioak ere.
Industri krisiak bortizki jotako lurralde honetan, 80ko hamarkadaren hasieraz
geroztik gainbehera industrialetik ateratzen lagundu nahi izango duten politika eta
neurriak jarriko dira abian. Orduz geroztik hasiko da halaber ikuspegi neoliberala
gailentzen eta horrek arrasto nabarmena utziko du diseinatutako politiketan.
Produkzio arloko eskuhartze zuzena ukatzen zaio sektore publikoari, oro har neurri
horizontalen bidezko jardunbideari heldu beharko diolarik eta, aldi berean, finantza-
bideen aldetik ere murrizketa nabarmenak ezarriko zaizkio.
80ko hamarkadan, haatik, izan zen eskuhartze zuzenik, hain zuzen ere,
birmoldaketa politikan gauzatu zena (Nazioarteko Lan Zatiketa Berriak agintzen
zuenez, industria tradizionalen tamaina eta funtzioa berregokitzeko), jarduera berrien
garapena ekimen pribatuaren esku utziz. 90ekoan, birmoldaketaren pasarterik
latzenak behin igarota, administrazio desberdinen ekimenak kapital pribatuak
(bertoko zein atzerrikoak) erakartzeko baldintzak sortzera zuzendu dira neurri handi
batean.
14 Sarrera
Bistakoa da, eta bereganatzen duten baliabide kopuruei so eginez gero
nabarmen ikus daiteke, azpiegitura proiektuek eta ekimenek toki garrantzitsua izan
dutela ahalegin horretan. Horrela ulertu omen dute agintariek eurek ere, izan ere
egitasmo hauei ematen baitiete oihartzun handiena, Euskal Herriaren etorkizunerako
giltzarri gisa aurkeztuz iritzi publikoaren aurrean.
Lehen atal nagusian bost kapitulu agertu bazaizkigu ere bigarren honetan hiru
kapitulu eskainiko ditugu; aurkez ditzagun laburki:
VI. Kapituluan Europako Batasunaren eta Estatu espainiarraren garraio-
azpiegituren arloko eskuhartzeak agertzen dituen ildo nagusiak aztertuko ditugu. Bai
batak bai besteak azpiegituren alorrean azken hamarkadan onartutako txosten eta
egitasmo nagusiei erreparatuz, beren jarreraren nondik norakoak zehazten
ahaleginduko gara, bereziki bi alderdiri kasu emanez: lurraldearen gaineko eragina
(teorian aipatzen diren helburu eta xedeak lehentasunezkotzat aurkezten diren
proiektuek adierazten dutenarekin kontrastatuz) eta eskuhartze publikoaren ezaugarri
berriak (sektore pribatuarekiko elkarlanaren auzia barneratuz).
VI. Kapituluan Euskal Herriaren gaineko administrazio esparruetako joerak
behin identifikatuta, VII. Kapituluan gure lurraldean agertzen direnei buruz
jarduteko parada izango dugu. Aurreko kapituluan azaldutako ildo eta gai antzekoak
aurkituko ditugu berriro ere, oraingoan lehenago azaletik aipatutako gai interesgarri
batek indar gehiago hartuko duelarik: administrazio-maila desberdinen arteko
eskumenen banaketari buruzkoak. Gure herriaren konplexutasun politiko-
administratiboa islatuko zaigu berebat egindako azterketan.
VIII. Kapitulua aurrekoaren jarraipena izango litzateke, haren gauzatze
zehatzagoa. Erregio-garapen politiken barne, metropolien sustapenak hartu duen
garrantzia azpimarratu eta planteamendu horretan azpiegiturek betetzen duten
zeregina kokatuko dugu abiaburuan. Gure herrira jaitsiz, hiri-sustapenerako
ekimenen artetik Bilboko eremu metropolitarra nabarmenduko dugu. Beste hiri
garrantzitsuenetan abiarazitako biziberritze eta modernizatze egitasmoak gutxietsi
nahi gabe, gure ustez bai tamainaren aldetik bai ezaugarri sozio-ekonomikoen aldetik
eta baita administrazio desberdinengandik duen trataeraren aldetik ere Bilbokoa
Sarrera 15
delako nazioarteko metropoli bihurtu nahi horretan aurreratuen eta sendotuen
agertzen zaigun proiektua.
Aurreko guztiak kokatuta, zenbait garraio-azpiegiturako proiektu jakinei
zuzenduko diegu begirada, geure ustez beren funtsa euskal lurraldearen
metropolizazio eta internazionalizazioa sustatzeko asmoekin guztiz loturik dutenak;
eta espazioaren berregituraketaren ikuspegitik Bilbok bere statusa igotzeko behar
duen garapena bultzatzeko proiektuaren barnean bete-betean uztartzen direnak.
Oro har, Bigarren Atalean, dagoeneko V. Kapituluan (ikuskera teorikoago
batetik) aurreratu ditugun gaiek jasoko dute geure arreta, hots: azpiegiturek
lurraldearen garapenerako duten funtzioari buruzko planteamenduak, sektore
publikoaren eskuhartzeak agertzen dituen forma berriak (horien artean finantziazioari
buruzko alorra, eskumenen banaketari buruzkoa, gizartearen parte hartzea
bideratzeko moduen ingurukoak). Ez da zaila izango, beraz, hiru azken kapitulu
hauetan V.aren egitura eta atalak identifikatzea, aldaketaren bat egon dagoen arren,
jakina.
Esan gabe doa gure ikuspegitik ere izugarrizko garrantzia duten beste alderdi
asko ukitzeke edo soilik azaletik ukituta agertuko zaizkigula, agian nabarmenena
ingurumenari buruzkoa izango litzateke. Horrek ez du esan nahi inolaz ere gaia
gutxiesten dugunik; alderantziz, horren garrantzitsu iruditzen zaigu ezen tesi bat
baino gehiagorako aukera ematen duela pentsatzen dugun; baina gure kasuan arestian
aipatu ditugun beste gai horiek izan dira ikerketarako hautatu ditugunak.
Bukatzeko, tesi osoan zehar eskutan izan ditugun osagai eta argudio nagusiak
laburbildu gehi bidean bururatu zaizkigun hausnarketa garrantzitsuenak jasoko
dituzten ondorioak aurkeztuko ditugu.
II .. AATTAALL AA
KK RRII SSII AARREENN OOSSTTEEKK OO BBEERRRREEGGII TTUURRAAKK EETTAA EESSPPAAZZII AALL AA::
TTEESSTTUUII NNGGUURRUUAARREENN EEZZAAUUGGAARRRRII AAKK ,, JJOOEERRAA NNAAGGUUSSII AAKK
EETTAA II KK UUSSKK EERRAA TTEEOORRII KK OO DDEESSBBEERRDDII NNEENN EEKK AARRPPEENNAA
19
I. KAPITULUA: ESPAZIOAREN AZTERKETA KAPITALAREN
INTERNAZIONALIZAZIO FASE BERRIAN
Edozein espazio baten analisi ekonomiko eta soziala egiteko kanpoko zein
barneko aktore ekonomiko-sozialen multzoak eta beren artean gertatzen diren
harremanak aztertu behar ditugu.
Barneko aktoreen artean, bertoko kapitala eta burgesia, langileak, gizarte-
mugimenduak, erakunde eta elkargo profesionalak eta, jakina, erakunde politikoak
ere kontsideratu behar ditugu. Erakunde hauek beren ardurapeko espazioaren gain
eragiteko duten instrumentu-sorta gobernu horien subiranotasun mailaren arabera eta
nazioarteko esparruan lortutako mailaren araberakoa izango da. Horregatik gure
analisia mundu mailan espazioari dagokionez egon diren bilakaerak eta urratsak
aztertzetik abiatuko dugu, ekonomia globala omen den honetan espazioak eta
lurraldeak oraindik ere esanguratsuak izaten jarraitzen dutela nabarmendu asmoz.
Kanpoko aktoreei dagokienez, hor kokatuko ditugu enpresa transnazionalak
(ETN), egungo dibertsifikazio-malgutasunari esker higikortasun handia dutenak eta
erabaki-guneak, kasu gehienetan, erregio jakin batetik at izan arren erregio horretan
eragin zuzen eta inportantea izan dezaketenak (lantegi bat kokatuz ala itxiz, berton
dituzten lantegietan aldaketak eginez, adibidez). Aldi berean, nazioarteko,
erregioarteko eta estatuarteko lehiaren areagotzeak ETNei kokaleku erakargarriak
hautatzeko orduan aukera zabalagoa eskaini die, legedi desberdinak eta zerga- eta
moneta-pizgarri desberdinak aurki ditzaketelako beren artean lehian dauden estatu
eta erregio horietan.
Dena den, eta sarrera gisa, agente desberdinek duten erabakitze-ahalmen eta
potentzialitatea dagokion tokian kokatu ahal izateko munduko ekonomia zein
20 I. Kapitulua: Espazioaren azterketa kapitalaren internalizazio fase berrian
puntutarainoko elkarmenpekotasun, integrazio eta orobateratasun mailan aurkitzen
den aztertzen hasiko gara.
1.- GLOBALIZAZIOAREN INGURUKO EZTABAIDA
1.1.- Ekonomiaren internazionalizazio prozesuaren norainokoa
1973an hasitako krisi estrukturalaren testuinguruan, eta honi aurre egiteko
abian jarritako politika ekonomikoek lagundurik, ordura arteko egoera sakonki
aldatuko duten zenbait joera berri agertuko zaizkigu.
Horietako bat ekonomiaren internazionalizazio prozesuak hartuko duen
bulkada izango litzateke, zeinaren ondorioz munduko ekonomia
globalizaziorantzako joera batean murgildurik egongo litzatekeen.
Baina, eta hain zuzen ere, testuinguru berri hau definituko lukeen
ezaugarrietako bat internazionalizazio maila gero eta handiago izatearena dela
onartuta ere, badago eztabaidarik dagoeneko kapitalaren internazionalizazio prozesu
horrek lorturiko mailari buruz (eta horren ondorioz, kapitalak ordura arte bere
garapenerako sostengu izan duen tresna batek, alegia Estatuak, oraindik ere
funtzionala izaten jarraitzen duenez).
Laburki bada ere1, auzi horien inguruan zenbait autorek duten iritzia
mahaigaineratu nahiko genuke ondoko lerrootan.
Vidal Villak, adibidez, kapitalaren internazionalizazio prozesuan izandako
bilakaera abiapuntutzat hartuz, egun mundializazio ekonomikorako egiturazko
baldintzak egon badaudela esaten digu. Bere ustez “kapitalaren ziklo osoaren
internazionalizazio prozesua burutua dago, kapitalaren hiru moduei dagokienez:
1Interesa lukeenak, globalizazioari buruzko hausnarketa gehiago/berriagoak honakoetan aurki ditzake: Martínez González-Tablas (2000), Amin (1999), Dev Gupta (1997).
I. Kapitulua: Espazioaren azterketa kapitalaren internalizazio fase berrian 21
dirua, produktiboa eta merkantzia”2 (Vidal Villa, 1994, 74); ondorioz kapitalismoa
jadanik prest dago mundializaziorako, eta zentzu horretan muga nazionalak, oraindik
existitzen badira ere, kapital metaketa ziurtatzeko beharrezko elementua izan
beharrean oztopo serioa bihurtzen hasi dira.
Bere analisiaren arabera mundializazioa gertatu ahal izateko, horretarako
egiturazko baldintzak egoteaz gain (hau da, produkzio harremanak mundializatzeaz
gain –jabegoa, produkzio prozesuak, lan banaketa, alokairutzea,…–), sistemaren
gainegituran eta azpiegituran ere gertatu behar dira dagozkien aldaketak. Azkenari
dagokionez, mundializazioa ahalbidetuko lukeen azpiegitura badagoela gaineratzen
du, egungo teknologia3 dela mundializazio prozesua gauzatzeko beharrezko euskarri
materiala. Gainegituran ikusten ditu berak arazo gehien.
Bere tesia, hortaz, honela laburbil daiteke: bizi garen egunotan kapitalismoaren
sakoneko joera mundializazio prozesua litzateke. Prozesu horrek beharko lukeen
azpiegitura ekonomikoa existitzen da; harreman ekonomikoen osagai nagusiak ere,
batik bat produkziobideen jabegoari eta kapitalaren higikortasunari buruzkoak; baina
arazoa gainegitura politiko eta juridikoan legoke, mundializazioari dagokionez
berau baita atzerapen handienaz dabilena eta haren garapenerako oztopo nabarmen
bilakatuz. Ekonomia mundializaziorantzako trantsizio prozesu batean murgilduta
dago, bide horretan kontraesan ugari agertuz, besteak beste4 Estatu zentralistetan
oinarri ekonomikoa eta gainegituraren artean sortzen dena (Vidal Villa, 1994, 95-
96).
2Prozesu hori, besteak beste, hiru fenomenotan oinarrituko litzateke: (i) Enpresa Multinazionalak (EMN), prozesuaren agente aktiboak direnak; (ii) jabego internazionala, hots, produkziobideen jabegoa jatorri nazional bakarreko kapitalistena izateari utziko dio eta Kapital bakar batean bat egin; (iii) kapitalaren errentabilizazioa ere extra nazionala da, hots EMNen kalkulu ekonomikoa ez da mugatuko estatu bakar baten esparrura. 3Bere baiezpenaren haria hobeto ulertarazteko asmoz azpiegitura teknologiko horren zenbait ezaugarri aipatzen dizkigu: masazko produkzioa gero eta erritmo azkarragotan; produkzio prozesuen segmentazioa, internazionalizazioa ahalbidetuz; prozesuen distantziako kontrola: produkzioa, salmentak, erosketak, finantziazioa,…; merkantzien bolumen eta masa handiak garraiatzeko azkartasun eta efizientzia; homogeneizazioa alor desberdinetan, hala nola: produktuak, kontsumo-ohiturak, salmenta sistemak, finantziazio sistemak, etab. (Vidal Villa, 1994, 82). 4Kontraesan hauek zerrendatzen ditu: Zentro-Periferia artekoa, kontraesan tripolarra, nazioko nazionalismoa eta Estatuko nazionalismoen artekoa, garapen teknologiko eta enpleguaren artekoa eta oinarri ekonomiko eta gainegituraren artekoa (Vidal Villa, 1994).
22 I. Kapitulua: Espazioaren azterketa kapitalaren internalizazio fase berrian
Martínez González-Tablasek (1994) ere mundializaziorantzako trantsizio fase
batean aurkitzen garelako ideiarekin bat etorri arren ez zaigu agertzen Vidal Villa
bezain irmo kapitalak horretarako lortu izan duen garapen mailari dagokionez.
Autore honek mundu mailako dinamika ekonomikoa aztertzerakoan honen
barnean hiru plano desberdin bereizten ditu:
- Lehen jarduera-maila bat Estatuaren esparrukoa da, agenteak eta harremanak
haren baitan eta berau gainditu gabe gertatzen baitira.
- Bigarren mailan nazio-arteko harremanak ditugu, hots, nazionalitate bateko
agenteak beren jatorrizko lurraldetik kanpo aktiboki dihardute, Estatuen mugak
gaindituz, nazio espazio batzuk eta besteen arteko harremanen bidez; bigarren maila
honetan merkantziak eta zerbitzuak salerosten dira, diruak dibisan bilakatuta mailegu
edota inbertsio gisa zirkulatzen du, prozesu enpresarialak berak desplazatu eta
nahastu egiten dira, produkzioaren esparrura ere iritsiz.
- Eduki internazional hazkorreko prozesu honetan hirugarren maila bat
agertzen zaigu, non jarduera ekonomikoa espazio internazionalean gertatzeaz gain
osagai desberdinen nortasun nazionalaren adierazkinak diluitzen diren, ez da erraza
izango partehartzaileen nazionalitatea zehaztea; mundu mailako espazioa erabiltzen
duten harreman ekonomikoen aurrean gaude, nekez har daitezkeenak nazio-
artekotzat (mundu mailako harremanak edo globalak).
Gainera kontuan izan behar da prozesu hauek guztiak aldi berean gertatzen
direla, beren artean modu konplexuan artikulatzen dira eta etengabeko bilakaeran
daudela. Hots, ez dira bata bestearen atzetik gertatzen baizik eta batera existitu,
elkarren artean nahastu eta beren bilakaerak baldintzatzen dituzte.
Bere iritziz, inork ez luke zalantzan jarriko nazioarteko harreman ekonomikoak
bai intentsitatean bai dentsitatean areagotzen ari direla; arazoa sortuko zaigu
harreman horiek lortutako mailari buruz sakondu nahi dugunean, zehaztasunez,
maila batera edo beste batera heldu izanak egungo ekonomiaren birprodukzio eta
funtzionamenduaren logikarako duen garrantziagatik (Martínez González-Tablas,
1994, 109).
I. Kapitulua: Espazioaren azterketa kapitalaren internalizazio fase berrian 23
Nazio-arteko maila nagusi denean Estatu-nazioak dira lehen mailako aktoreak.
Nazio-arteko fenomenoak ekonomia nazionalen jokabide diferentziatu eta
desberdinen ondorio dira; hasiera batean merkataritza eta geroago nazioen arteko
inbertsio harremanak izango dira sistemaren antolakuntza-oinarria. Garai honetan
kokatzen da EMNen igotze eta heltze fasea, baina oraindik jarraitzen dute jatorrizko
Estatuaren erregulazioari lotuta eta honen kontrolpean.
Ekonomia global batean, aitzitik, ekonomia nazionalak prozesu eta transakzio
superestataleko sistema baten barnean aurkitzen dira, honen adierazpenak politika
eta agente nazionalek gogoan hartu behar dituztenak baina ezin baldintza
ditzaketenak, haren autonomia maila altua dela eta. Enpresa multinazionalak
pixkanaka transnazionalak bilakatzen dira, operazio globalen bidez merkatu globalen
zerbitzurako eta kokaleku nazional behinenik gabe.
Gaur egungo koiunturan aipatu ekonomi mota bakoitzaren ezaugarriak aurki
ditzakegula onartuta ere, bere jarrera da estatu espazioak oraindik protagonismo
intentsua duen nazioarteko testuinguru batean gaudela; zehazki: “ekonomia ezin
daiteke globalizatutzat hartu, nahiz eta izaera honetako agente eta dinamika
indartsuak egon, nahasten direnak moneta-, merkataritza- eta produkzio esparruetan
sartzen den eta gero eta orobiltzaileagoa den nazio-arteko ekonomia batekin; eta
erantzun politikoekin, zeintzuen sorreran Estatuek eragin funtsezkoa eta, aldi berean
beren arteko indar-korrelazio aldakorraren menpekoa, izaten jarraitzen duten”
(Martínez González-Tablas, 1994, 116).
Hortaz, trantsizio fase batean gaude: ez daukagu erabat globalizatutako
ekonomiarik, nazioarteko ekonomia bat daukagu eta haren aurrean politika
nazionaleko erantzunak (Hirst eta Thomson, 1992, 394).
Interesgarria iruditu zaigu, testuinguru horretan kokaturik, (Martínez
González-Tablas-ek (1994, 111) ekonomia (nazionala, suposatzen da) baten
bideragarritasun autonomoa gehitzeko edota bere kanpo harremanen simetria maila
hobetzeko geratzen diren jarduketa eremuak aipatzen dituenean, batetik herritarrak
(lanesku kualifikatu eta lehiakorra izatearen zentzutik) eta bestetik azpiegiturak,
24 I. Kapitulua: Espazioaren azterketa kapitalaren internalizazio fase berrian
barne mailako eta munduaren enparauarekiko komunikazioen hobekuntza
ahalbidetzeko, azpimarratzen dituela.
1.2.- Globalizazio prozesuaren eragile nagusiak.
Globalizaziorako joera bizkortu egin da azken hamarkadatan eta hori ez da
izan berez, modu automatiko batean gertatu den prozesua; aitzitik, norabide horretan
bultzatu duten faktore indartsuak egon dira eta horien inguruan arituko gara atal
honetan.
a) Politika neoliberalen nagusitasuna
Nazioarteko Moneta Fondoak, Munduko Bankuak edota Munduko
Merkataritza Erakundeak bere jarduketan nagusi dituzten irizpideekin bat eginik,
herrialde kapitalistetako gobernuek irmoki heldu diote nazioarteko harremanak
liberalizatzearen joerari. Merkataritza- eta finantza-merkatuen liberalizazioa,
merkatu nazionalen desregulazioarekin batera, izan da apustu horren ondorio
behinena.
Ildo horretatik bat etorriko ginateke Zabalo eta Zurbanoren (1998) iritziarekin,
globalizazioaren aldeko argudioa eta diskurtso neoliberalaren arteko uztarketa
agerian utzi nahi duena: politika neoliberalek, estatuek ekonomian duten eskuhartzea
minimizatzera eta merkatuaren agintepeko esparrua zabaltzera zuzenduak guztiz
funtzionalak dira ekonomiaren globalizazioan aurrera jotzeko. Eta aldi berean,
globalizazioaren aitzakia oso baliagarria suertatzen da lehiakortasunari helduz
gizarte arazoetan hain erasokorrak diren politika neoliberalak justifikatzeko orduan.
Finantza-merkatu eta kapital-mugimenduen liberalizazioak, Atzerri Inbertsio
Zuzeneko fluxuen gehikuntza estimulatzeaz gain, bestelako ondorio esanguratsuak
ere ekarri ditu. Finantza-kapitalaren botere gehikorra hazkunde motelagoan, interes-
tasa erreal altuetan eta epe luzeko inbertsioen estankamenduan (I+G arloko
I. Kapitulua: Espazioaren azterketa kapitalaren internalizazio fase berrian 25
inbertsioak5 barne) islatu da; aldi berean gobernu nazionalak askoz baldintzatuagoak
egongo dira beren jardupidean, bereziki politika hedakorrak abiatzeari dagokionez.
Merkataritzaren liberalizazioan ere aurrerapausu nabarmenak eman dira azken
bi hamarkadatan. GATTen azken errondak aurreko zazpiak baino askoz haratago
joan dira, produktu manufakturatuez gain zerbitzuak, jabetza intelektualari buruzko
eskubideak eta nekazaritza ere barneratuz eta arantzel egiturez gain dirulaguntza
estatalak, oztopo ez-arantzelarioak, eta bestelako gai batzuk ere jorratuz.
Dena den, merkataritza liberalizatzeko joera horretan disparekotasun handiak
nabari daitezke. Garapen bideko herrialdeek ildo liberalizatzaileari tinkoago heldu
diotela dirudi (GATTeko kide izan ahal izateko hori eskatzen zaielako), herrialde
garatuek praktika protekzionistagoak mantendu dituzten bitartean. Era berean, ez
dezagun ahaztu merkataritzaren liberalizazio globalarekin batera agertzen zaigun
beste joera aipagarria, hots merkataritza blokeen eta erregio mailako akordioen
sorrera (Europako Batasuna, jakina, baina baita ere NAFTA edota ASEAN).
b) Garraio- eta komunikazio-teknologien garapena
Globalizazioa eta garraio- eta komunikazio-teknologien garapenaren arteko
elkarmenpekotasuna bi aldetatik ikus dezakegu: batetik, globalizaziorako joerak
komunikazio-teknologi berrien eskari sendo bat sortu du baina, bestetik, informazio-
eta komunikazio-teknologien garapenak berak ere eragina izan du globalizazio
prozesuaren azelerazioan.
Zalantzarik gabe mundu mailan inoiz ez bezalako garrantzia lortu du pertsonen
eta ondasunen mugikortasunak baina baita informazioaren transferentziak edota
elkartrukaketak. Horien euskarri izango diren telekomunikazio- eta garraio-
azpiegitura eta informazio-teknologia funtsezkoak bilakatu dira berebat.
5 Berrikuntzarako ahaleginean bi aldeetatik izan dezake eragina: batetik, lehia intentsifikatzen du, enpresen gain etengabe berrikuntzen bila aritzeko presioa areagotuz eta, bestetik, epe laburreko etekinak sustatzen ditu; ondorioa izan daiteke “existitzen diren traiektorietan zehar eta inkrementuzko berrikuntzan mugimendu azkarragoa, aldi berean traiektoria berriak eta berrikuntza erradikalak sortzeko epe luzeko ahaleginetara zuzendutako baliabideak murrizten diren bitartean” (Europako Batzordea, 1997, 26).
26 I. Kapitulua: Espazioaren azterketa kapitalaren internalizazio fase berrian
Garraio-azpiegiturak hobekuntza nabarmena izan du azken bi hamarkadetan,
garraio modu guztietan, eta bai kalitatean (konexio zuzenagoak eta azkarragoak) bai
kostuetan. Bilakaera honetan bi faktorek izan dute zerikusirik: (i) garraio arloko
berrikuntzaren eta teknologien eboluzio azkarra; eta (ii) merkatu nazionalen
erregulazioen liberalizazioa.
Edonola ere, joera hauek adieraziko lukete irisgarritasuna garapen
ekonomikorako funtsezko osagaitzat hartzen dela. Eta iristeko erraztasun hori toki
jakin baten zentralitate geografikoarekin baino gehiago nazioarteko eta erregioko
kokagune ekonomiko nagusienekiko lotura fisiko (azpiegiturak) egokiagoak eta
azkarragoak edukitzearekin egongo litzateke erlazionatuta. Horrela ere garraio-
azpiegitura berriekiko lotura eraginkorrik gabe geratzen diren lurraldeek arazoak
izan ditzakete garapen ekonomikoari begira.
Informazio- eta komunikazio-teknologiek eta azpiegiturek izandako
garapen ikaragarriak ere erabateko aldaketak sortu ditu nazioarteko ekonomian.
Sistema informatikoek, telekomunikazioek eta horrek dakarren guztiaren eskutik
eragiketa ekonomikoak (produkzio prozesuak, transakzioak) burutzeko moduak
aldarazten ari dira, bizitza-estiloa ere, berrikuntza-prozesuan funtsezkoak dira, etab.
Joera hauei erantzun eta ahalmen eta azpiegitura gehiagoko eskariei aurrea
hartu nahian, erabaki politikoek telekomunikazioko autobideak bultzatzearen alde
agertzen dira. Baina politiken beste kezka bat gizartearen barnean (polarizazioa,
abiada azkar honi eusteko beharbesteko ekonomi- eta hezkuntza-baliabide dituztenen
eta ez dituztenen artean) eta lurraldeen artean sor litezkeen disparekotasunen
inguruan kokatu beharko litzateke.
1.3.- Globalizaziorako joeraren ondorioen inguruko hausnarketa.
1.- Mundializaziorako joera ekonomia kapitalistaren joera estrukturaletako bat
dela ukatu gabe, azken hamarkadetan berebiziko bulkada jasotzen ari deneko
ideia auzitan jarri daiteke:
I. Kapitulua: Espazioaren azterketa kapitalaren internalizazio fase berrian 27
- laneskuaren mugimenduak globalizatuak izatetik urrun daude eta are, beste
garai batzuetan baino garrantzi gutxiagokoak dira.
- finantza-fluxuen kasuan, aldiz, ukaezina da globalizazioa gero eta
nabarmenago dela (eta, gainera, gero eta txikiagoa kapital mugimendu
internazionalen gain gobernuek edota erakunde multilateralek duten kontrol-
ahalmena), kapital transakzio internazionalen bolumena eta intentsitatea ikaragarriro
handitu baita azken urteetan. Baina horrek ez du esan nahi munduko toki guztietara
hedatu denik, mundu mailako izaera lortu duenik, izan ere eragiketen esparru
espaziala askoz gutxiago hazi baita, eta herrialde gehienak kapital fluxuen
“mundializazio” horretatik kanpo geratu dira errentagarritasun perspektibarik eza
dela eta.
- nazioarteko merkataritzaren globalizazioa erlatibizatu nahian ere zenbait
argudio eskaintzen zaizkigu: mendeko azken laurden honetan nazioarteko
merkataritzaren hazkunde erritmoa beste garai batzuetako baino txikiagoa izan dela,
partaideen zerrendan aldaketa esanguratsuak egon diren arren merkataritza fluxuen
jatorriei eta, neurri txikiagoan, helmugei begiratuta kontzentrazioa handitu egin dela,
dibertsifikatu beharrean; eta azkenik, merkataritza globala baino, hiru potentzi
ekonomiko nagusien inguruan egituratutako merkataritza-bloke desberdinek
osatutako errealitatea izango genukeela, munduko zati inportante bat banaketa
honetatik kanpo geraturik.
2.- Ekonomia globala lortzen ez den bitartean zentzuzkoa da “ekonomia
nazionalek” hor dirautela gogoratzea.
Ikuspegi horretatik abiatuz, gaur egun munduko ekonomian garrantzizko indar
bakarrak merkatu globalak eta konpainia transnazionalak direla esaten dutenen
aurrean, Zabalok eta Zurbanok (1998) ekonomia nazionaletaz hitz egitearen
egokitasuna azpimarratu nahi dute, hain zuzen ere, haien betiko oinarri izan direnek
(moneta propioa, merkatu nazionalak –zeintzuen garrantzi kuantitatiboa
nazioartekoena baino askoz handiagoa izaten jarraitzen duen–, produkzio-faktore
nazionalak –atzerri kapital produktiboak gero eta garrantzi handiagoa izan arren– eta
28 I. Kapitulua: Espazioaren azterketa kapitalaren internalizazio fase berrian
erregulazio-espazio propioa, nahiz eta zenbait arlotan kanpotiko mugapenak izan)
hor dirautelako.
Europako Batasunaren kasua ez litzateke erabat berdin izango, Ekonomi eta
Moneta Batasunaren eskutik ekonomia nazional baten izaeratik hurbilago aurkitu
baitaiteke, eta horrek ahalegin berezia eskatzen du honen baitan Estatu-nazioek joka
dezaketen papera aztertzeko orduan. Edozein kasutan “ekonomia nazionalek egungo
sistemaren oinarri gisa irauten dutela nabarmen geratzen da lurraldeari dagokionez
bereizi gabeko mundu-ekonomiaren inexistentzia dela-eta” (Zabalo eta Zurbano,
1998, 137)
3.- Globalizazioa, egun lortu duen maila lortuta, prozesu asimetrikoa eta
disparekoa da, lehenago ere aipatu dugunez: (i) merkatu batzuetan besteetan baino
garapen maila altuagoa duelako: ondasunen merkataritzan nahiko aurreratua dago eta
zerbitzuena gutxiago; faktoreen merkatuan muturreko egoerak aurkitzen ditugu:
kapital merkatu eta fluxuak dimentsio globalekotzat har ditzakegu baina inolaz ere
lana edo know-how teknologikoa; (ii) ondasun eta kapital fluxuei eta enpresen arteko
kooperazio patroiei begiratuta globalizazioa baino, hiru espazio multinazionalen
integrazio ekonomikoaren alderako joera (Europan, Asian eta Amerikan) agertzen da
argiago, gainerako herrialdeak mugimendu hauetatik kanpo eta gero eta baztertuago
utziz.
4.- Edonola ere, globalizazioak zuzenki ez bada zeharka lurralde orotako
enpresen gain eragina izango du, merkatuko lehia nabarmenki areagotu baitu,
merkatuetan diharduten agenteen kopuruan eta merkatuetako lehia-dinamiketan ere
eragina izanik. Hala ere, eragin hori handiagoa da benetan global izate hori erdietsi
duten merkatu eta sektoreetan (kapital merkatuak edo elektronikaren industriak),
beste batzuetan (adibidez, lan faktorearenean edo zerbitzu profesionalen sektorean)
ia marjinaltzat hartu daitekeen bitartean.
AEBk, Japonia eta Europa elkarren artean merkantzien, kapitalen eta atzerri
inbertsioen elkartruke fluxuen bidez loturik egoteak mundu mailan harreman sare
konplexuak sortzen ditu; eta kapitalismo garatuaren oinarrizko hiru polo horiek
gidatutako mundializazio testuinguruan kapitalismo nazional aurreratuenek beren
I. Kapitulua: Espazioaren azterketa kapitalaren internalizazio fase berrian 29
ekonomiak nazio mailan ez ezik mundu mailako espazioetan egituratzen dituzte,
beren artean bai enpresak bai sektoreak ukituko dituen oso lehia bortitza sortuz.
Lehia bortitz horren atzean gertatuko dira doikuntza eta berregituraketa industrialeko
prozesuak.
Globalizaziorako joera honetan industria astuna eta arina gehi fabrikazio
tradizionalena garapen bidetan dauden herrietara zuzentzen ari den bitartean6,
herrialde garatuek doikuntza prozesu sakonak bizi behar dituzte teknologia altuko
sektoreen inguruan antolatuko litzatekeen egitura ekonomiko berri bat garatu asmoz
(Berzosa,1994, 59). Herrialde industrializatuak, beraz, gertatzen ari den mundu
mailako ekonomiaren berregituraketak ekarritako arazoei aurre egin beharko diete;
batzuk errazago ari zaizkio erronka horri erantzuten, besteetan arazo larriak bizitzen
ari dira trantsizio garai honetan, edozein kasutan airean gelditzen den galdera izanik
sektore zaharretako lanpostu galerak sektore berriek konpentsatu ahal izango
dutenentz.
5.- Interesgarria da, bestalde, globalizazioak lehiaren izaera ere aldarazi duela
gero eta gehiago ezagutza eta ikaskuntzan oinarritutako lehia bilakatuz
(Europako Batzordea, 1997). Merkatuko lehian prezioak ez diren faktoreek
garrantzia irabazten doazen neurrian, gizabanakoen, enpresen, erregioen eta
herrialdeen ikaskuntza gaitasuna funtsezkoa bihurtzen da etengabeko bilakaeran
dauden merkatu eta baldintza teknikoei azkar egokitu ahal izateko eta prozesuen,
produktuen eta antolakuntza eren berrikuntzak burutu ahal izateko. Beti ere kontuan
izanda, jakina, globalizazioak berak berrikuntza prozesuaren azelerazioa ekarri
duela.
6 Mundu mailako lehia globala gero eta intentsuagoa izateak arerioak menderatzeko grina biziagotu die enpresei, honek aurrerabide teknologikoaren azelerazioa ekarri duelarik bai produktu bai produkzio-prozesuak antolatzeko modu berri eta malguen sarrerari dagokionez. Honen ondorioak izango dira: (i) erronka teknologiko berriak dakartzan kostu altuak, denek burutu ezingo dituztenak; (ii) ondasun baten produkzioan lan prozesuaren segmentazioa ahalbidetzen duela; eta horrek, aldi berean, nazioarteko panoraman lehiatzaile berriak agertzea, laneskuaren kostuan diferentzial bat sortzen dutenak.
Honek guztiak herrialde garatu zaharren produkzio-egiturari eragiten dio, ez baitira gauza izango Berriki Industrializatutako Herrialdeen agerpenari alternatibarik emateko (Berzosa, 1994,42).
30 I. Kapitulua: Espazioaren azterketa kapitalaren internalizazio fase berrian
Globalizazioaren mugarik inportanteenetako bat, hortaz, ezagutzaren
higikortasun espazialaren alorrean egongo litzateke, informazio eta ezagutza
kodifikatua munduan zehar nahikoa erraz transferitu badaitezke ere, ez baita gauza
bera gertatzen know-howa edo ezagutza tazitoaren kasuan. Eta kontuan izan behar da
ezagutzaren funtsezko osagai asko direla espezifikoak eta tazitoak, eta oso errotuta
daudela organizazio eta lokalizazio espezifikoetan.
Testuinguru horretan inoiz baino garrantzi handiagoa lortzen du berrikuntza
politikak7, lehiaren intentsifikazioari langile eta enpresen ikaskuntza-gaitasunen
hobekuntzaren bitartez erantzuteko.
2.- ERREGULAZIO-ESPARRU ETA MEKANISMO DESBERDINEN
KOKAPENA TESTUINGURU BERRIAN
2.1.- Estatu-nazioen funtzionaltasunaren inguruan
Garapen prozesu orok sortzen duen hainbat desdoikuntza direla-eta
ekonomiaren erregulazioa beharrezkoa bihurtzen da sistema ekonomiko eta
sozialaren birprodukziorako; zentzu horretan Estatua izango litzateke ekonomiaren
agente erregulatzaile nagusia. Eta, hain zuzen ere, Estatu-nazioaren inguruko
hausnarketa hartuko dugu geuk abiapuntu, gure ikergaia zentzu hertsiago batean
ulertuta agian erregioen esparrura mugatuko litzatekeen arren; gure ustez erregioen
garapen dinamikak eta beroriek bultzatzen dituzten politikak ezin baitaitezke aztertu
7 Globalizazioaren eraginez gobernuek autonomia galera inportantea jasan dute politika ekonomiko orokorrak (hala nola aurrekontu, moneta edota merkataritza politikak) abian jartzeari dagokionez. Ondorioz, lan merkatuko politika, gizarte politika, hezkuntza politika eta, zalantzarik gabe, berrikuntza politikari paper garrantzitsuagoa ematen zaio hazkunde ekonomiko iraunkorra garantizatzeko eginkizunean (Europako Batzordea, 1997).
I. Kapitulua: Espazioaren azterketa kapitalaren internalizazio fase berrian 31
erregioaren gain eragiten duten agente ekonomiko edota politikoak, bederen
inportanteenak, aintzakotzat hartu gabe8.
Dena den, ekonomiaren internazionalizazioak kolokan jarri ko ditu politika
erregionalak ez ezik Estatu kapitalista garatuen praktika erregulatzailearen
eraginkortasuna bera ere.
Burgesia internazionalaren funtzioak esparru estatal-nazionalera egokitua egon
arren, burgesia eta kapitala ez dira muga horien aurrean gelditzen, esparru hori,
ikuspegi ekonomikotik ez baitzaie nahikoa, eta beraz, gainditu beharko da. Arazoa
sortzen da burgesia internazionalak ezin duelako menperatze estatal-nazionaleko
forma horien ordez menperatze internazionaleko beste forma politiko eta
gainegiturazkoak ezarri; alegia, esparru estatalaren ordez hegemonia
internazionaleko esparru bat ezartzeko zailtasunak eta ezintasunak daudela.
Beste h
Top Related